'Mari Emakume Mitologikoa'
Konpainiak: Olaeta Balleta Elkartea, Miarritzeko Oldarra Balleta. Musikariak: Et Incarnatus orkestra. Abesbatza: Sarea. Jatorrizko ideia: Jon Maia. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: azaroak 2.
Pozgarria izan da guretzat indar berriarekin ikustea Olaeta Balleta, legenda diren Viktor eta haren senideen proiektuaren atzetik, euskal ballet nazionalaren ildotik, alegia. Oraingoan Mari emakume mitologikoaren gaineko hausnarketa egitea zuten helburu —Jon Maiaren ideia oinarritzat harturik—, baina Olaeta Balletaren egitura eta prozedura tradizionalarekin: kolorez eta erritmoz beteriko euskal dantzak, balletaren arragotik landuak, batzuetan adin guztietako akelarre jendetsu eta alai bihurturik. Mundu aldrebes honetan gutxi dira horrenbesteko jende aldra mugitzeko gai diren herriak, arte-ikuskizuna egiteko eta, gainera, musu truk. Bada, emakumeen gaitasunari buruz eginiko dantzaldian, mutiko eta neskatoen lehenengo pauso graziadunak zein batzuen koordinazio arazoak ikusi ditugu, baita nerabeen aurrerapenak ere —mekanizismopeko samarrak inoiz—, helduen dantza ofizioaz eta une jakinetako biribiltasunaz batera. Ikuskizun luzearen bigarren zatian, Jon Maia eta Amets Arzallusen bertso esanguratsuekin hasi zen Mariren inguruko diskurtsoa, eta hor zetzan, nire ustez, koska: nola uztartu gidoia eta edukiaizatez abstraktuak diren dantzei edo musikari, diskurtso estetiko bihur daitezen?
Dantzaldi hutsari dagokionez, aipatu beharra dugu bost koreografoek lortu zuten probetxuzko emaitza adin maila guztietan, bai euskal dantza tradizionaletan, bai Minuetetan zein kreazioetan. Beharbada, ikuskizun moduan, helduen dantzaldi koralak izan dira lortuenak, Biribilketa eta Erromeria, hain justu. Eneka Bordegaraik polito dantzatu zuen Mariren bakarraldia eta, Aker bikotearekin, Pas à deux erakargarria. Et Incarnatus Tolosako orkestrakMigel Zeberioren zuzendaritzapean oso ondo egokitu zituen gure klasikoen partiturak —beharbada, haizezkoen falta nabaritu genuen, Jesus Guridiren El caserío-ko preludioan, eta agian beste zatietan ere bai, eta egoki, dantza tradizionalen orkestrazioan Aita Donostiaren lanetatik askotan—, apika lan gehiago eskatuko genioke baxuan, Bolan-Dantza lehenengoan edo hirugarreneko harmonizazio osoan, kontrabaxua barne. Asko gustatu zitzaizkigun Ugaoko Sarea abesbatzaren Baga Biga eta Erromeriaren musikaltasuna eta sendotasuna. Asier Gonzalez eta Urtzi Ugalde txalapartarien falta sumatu genuen dantza edo kanta gehiagotan, eta gustuko egin zitzaigun Aitor Perez DJak lortu duen nahasketa gaur egungo nahaste-borrastea adierazteko.
Kritika. Dantza
Euskal Balletaren bila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu