'Soplo. Arnasketa saiakerak. Etxea'.
Non: Bilboko Euskal Museoan.Noiz arte: Apirilaren 7ra arte.Pandemiak artean egindako triskantzak apaltze aldera eta artisten egoerari bultzadatxo bat emateko intentzioarekin, BilboArte fundazioak ekoizpenerako laguntza deialdia ipini zuen abian. Haren emaitza haize ufada berri eta freskoa izan da: Soplo. Arnasketa saiakerak. Eta haizeak edo aireak zirrikiturik txikienetan ere sartzeko eta bertan egoteko duen abileziari edo bereizgarriari segika, proiektu hau ere Bilboko hiriko leku eta espazio ezberdinetan barrena barreiatu da, arnasteko beharrezkoa den aire berri hori, berritzen gaituen haize ufada fresko hori, zabalduaz. Lau erakusketa burutu dira proiektuaren barnean: Hiria, Hondamendia, Gorputza eta Etxea. Kasu honetan, azken hori bisitatzeko aukera izan nuen.
Etxea. Orain urte bete denak ginen etxean. Balkoia zutenek ia egun osoa bertan igarotzen zuten. Besteak, leihotik begiratzearekin konformatzen ziren. Eta ogia erostea... ogia erostea eguneko plazer handienetakoa bilakatu zela zirudien. Etxeak orain arte izan ez zuen dimentsioa eta garrantzia hartu zuen, ia gure luzapen bilakatu zen; edo kartzela. Batzuei denbora eman zien, besteoi denbora kendu zigun. Estresa edo lasaitasuna. Hausnarketarako leku eta tresna. Bilboko Euskal Museoan kokaturiko erakusketa honek berriz ere bizipen haietara garamatza. Hain zuzen ere, bertan proiektuko komisarioek bildu dituzten sei artista eta kolektiboek —Malus Arbide, Mikel Erkiaga Herran, Charo Garaigorta, Ivan Gomez, Irune Orbea, Javier Rodriguez Perez-Curiel eta Equipo Titular—, etxeak pandemia garaian izandako aukera eta bizipen ezberdinak aurkezten baitituzte.
Naturarekiko kontaktuaren beharraren falta askok sumatu genuen etxean ginela, eta, konfinamendua bukatu zenean, arnasa lasai hartzeko mendira, naturara, ihes egitea aukera bakarrenetarikoa izan zen. Naturarekiko kontaktua pandemiak lehen orrira ekarritako auzia izan da, eta, hain zuzen, Euskal Museoko erakusketan ikus daitezkeen proiekturik interesgarrienak ere ildo honetan koka daitezke. Horietariko bat, Ivan Gomezen Caer al tiempo (Denborara erori) lana da. Aretoaren bi aldeak lotzen dituen erpinean instalatuta dago, eta espazioko erreferentzia bisuala bilakatu da, zalantzarik gabe. Irakurketa anitz eskain ditzakeen ekoizpena da, eta estetika aldetik oso emaitza erakargarria lortu duena. Zintzilik, pasilloen erdialdeetan bina tapiz daude, bere lana instalatuta dagoen espazioari harrera eta agurra eginez. Arinak bezain hauskorrak dirudite. Txundigarriak dira, haien bidez iragazten den argiak sortzen dien atmosfera dela eta, baina, era berean, oso ezaguna egiten zaigu; familiarra. Elikagaiekin osatua baitago. Elikagai lehortuak dira, zaborretara bota ohi ditugun hondar organikoak. Naturarekin erlazionatu eta biziari bizi berria eman.
Material naturalak agertzen diren eta aipatzea merezi duen beste proiektua Charo Garaigortaren La presencia inadaptada (Presentzia egokitugabea) da. Itsasoak eta gizakiak utziriko aztarnen gainean, alga eta buztinezko ontziak zapalduaz hiru izaki agertzen zaizkigu, zutik mantendu nahian, burdinezko hanka fin eta luzeen gainean, aurrera ekiteko irmo. Mikroekosistema berri bat sortu du Garaigortak, baina haren benetakotasuna zalantzan dago, era berean, horretarako eskala ezberdinekin jolastuz. Lehen begiradaren ostean 1:1 eskalakoak dirudite hiru izakiek, geurekin batera bizikide izan daitezkeenak dirudite. Pixkanaka, ordea, haien xehetasunetan barneratu ahala, elementu bakoitza miatzearekin batera, kezkak eta zalantzak sortzen dira, bereziki eskala txikiagoko pertsonak egituretan barrena ikusterakoan. Izaki berriak sortu dira, hibridazioz, eta gu horien artean kokatzen gara, ahal bezala, ahal duguna eginez. Fikziozko oraina, ala etorkizuna ote da? Nondik eta nora begiratu?
Denbora gutxi iraun duen erakusketa da, eta gainera proiektu osoa lau espazio ezberdinetan gauzatuta, Bilbokoak ez garenontzat ez da erraza guztiak ikusteko aukera izatea. Hala eta guztiz ere, eta nahiz eta bihar izan bertaratzeko azken aukera, denbora tarte txiki bat izanez gero aitzakia ona da etxetik ateratzeko, etxetik atera gabe.