'Animalia domestikoak'

Etxe bat baino gehiago

Idazlea: Esti Martinez. Argitaletxea: Elkar.

Irati Majuelo.
2023ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Etxeak, lorategiak, koltxoi-dendak. Gurasoak, bikotekideak, maitale ahaztuak. Inbidia, asperdura, beldurra. Lur horietan mugitzen da Esti Martinezen lehendabiziko narrazio liburua, Animalia domestikoak, eremu familiar, ohiko, egunerokoetan, baina ustekabekoari, irrealari ate bat irekita utziz, badaezpada.

Zortzi ipuinek osatzen dute bilduma. Hasiera batean, testuinguru arruntetan kokatzen ditu pertsonaiak idazleak: alaba lagunaren etxetik jasotzera doan ama, alabaren hutsunea sumatzen duen bikote jubilatua, familiaren herrira oporretan doazen ama-semeak edota Eguberrietako afari bat dira istorioen abiapuntuak, besteak beste. Alabaina, eguneroko joana zartatzen duten elementuak sartzen ditu Martinezek pixkanaka, eta horrela, hasiera batean bare zirudien egoera tentsionatzen du apurka-apurka, azkenerako bete-betean lehertu edo larridura airean utzi arte.

Izan ere, ipuin bakoitzak agerian esan gabeko zerbait dauka, esplizituki azaltzerik behar ez duen muina. Aldian-aldian, beraz, benetako afera esan gabe esateko, estrategia desberdinak darabiltza Martinezek, izan metafora bidez azaltzea isilpean dagoen arazoa —igel arrautzak salbatzen dituen baina umerik ez duen bikotea—, izan sinbolismo markatua duten elementuak baliatzea —surik gabeko kea— edota errealitatearen eta irrealitatearen arteko mugak lausotzea —Milaren lorategiko eta buru barneko piztien karraskak—. Halaber, zehar-esan ugari daude ipuin bakoitzean, irakurleak aurkitu beharreko pistak balira bezala, eta hala, pertsonaien izenek, ofizioek edota gustuek esangura bikoitza izaten dute sarri. Hortaz, narrazioek alegoria traza hartzen dute, oro har. Nabari da idazleak testuko elementu oro aurrez zehazki pentsatu duela, eta horrek laguntzen du ipuinak borobiltzen, eta nahiz eta guztietan ez erabat lortu, Martinezek saiakera ausarta egin duela igartzen da.

Idazleak giza-harreman hurbilenetara jo du, eta sotilki baina trebeziaz erakutsi ditu egunerokoan sortzen diren korapiloak eta abailuneak, baita asmatu ere bizipen horiek azaltzeko ukitu fantasiatsu eta irrealak erabiltzerakoan. Aipatzekoak dira, bereziki, Munstro odola ipuinean beldurrezko kontakizunen baliabideak erabili bai baina topiko estetikoei buelta emateko gaitasuna, edota Argazki bat istorioan nola txirikordatzen dituen ahots eta perspektiba ugariak umore puntu batekin amaitzeko. Interesgarria izango da ikustea idazle nafarrak zer bide hartuko duen hurrengoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.