Principal Antzokian: Dominick Farinacci Quintet.
Mendizorrotzan: Esperanza Spalding Radio Music Society
Gilberto Gil String and Rhythm Machines Concert.
XXI. mendeko jazzaren atala goraipatzen banuen nire aurreko kritikaren batean, gaur nabarmendu egiten dut goraipamen hori. Horretaz gain, ez dut nahiko laudorio izango Jazzaldi honek ahalbidetzen dituen musika harremanak. Hori dela eta, asteazkenean aipatu nuen John Batiste taularatu zela melodika batekin The Soul Rebels taldeko kideak laguntzera haien emanaldian. Oraingoan kontatu behar dizuet gau hartan bertan, ostegunean jotzeko ziren Esperanza Spalding Radio Music Society taldeko hainbat musikari eta besteren bat ere, Gasteizko hotel baten taulara igo zirela une alai batzuk Batisterekin trukatzera.
Eta biharamunean hotel horretako piano jotzaile ofiziala, John Batiste, Principal antzokian taularatu zen abesti bat jotzeko, umore onean. Iluntze, gau eta arratsalde bikaina, zeren eta antzoki horretan egun jazzaren jokalekuan etorkizun handiko tronpeta eta fliskornio jotzailea ikusteko aukera bikaina izan baikenuen.
Dominick Farinaccik 28 urte ditu, baina hamar urte daramatza taularen gainean. Artista osoa dela esan daiteke; arlo musikalari begira, ahots ederra du, ondo jotzen du, erritmoa du, swing bikaina ere adierazten du, eta hainbat aire musikaletan ederki moldatzen da. Beste arloei begira, ikusleen arreta eta aldeko iritzia jasotzeko gauza dela ere ziurtatu behar dut. Artista amerikarren tradiziorik onenean taula betetzen du pasadizoak kontatzen... Hitz batean, musikari sendoa izateaz gain, entertainer izateko ezaugarriak ere baditu.
Egia esanda, musikarekin sortzen dituen une magikoekin nahikoa izan beharko luke, baina besteak puntu bat gehitzen dio bere ekitaldia borobiltzeko. Gasteizen emandako kontzertuan orain arte berak argitaratutako bi diskoen gaiak jorratu zituen, hala nola Astor Piazzola maisuaren Libertango eta Jacques Brelen Ne me quitte pas (Lovers, Tales & Dances lehen diskoan agertzen dira). Dawn of Goodbye eta Cole Porterren It´s Allright with Me (Dawn of Goodbye atera berriko diskokoak). Horretaz gain, taldea bikain aritu zen beste gaietan, adibidez, Tony Benneten Girls Talk-en. Taldekideen parte hartzea aipatzeko orduan, Yasushi Nakamura kontrabaxu jotzailearena nabarmenduko dugu, baita Keita Ogawa perkusio-aniztun jotzailearena ere. Baina, piano jotzailearekin, Kris Bowersekin, bukatu nahi dut atala: 23 urte baino ez ditu, eta Thelonius Monk Nazioarteko Piano Lehiaketaren 2011ko txapelduna da, eta ostegunean antzokian laguntzailerik gabe jo zuen Skylark klasikoa arras hunkigarria izan zen. Etorkizuna, beraz, ez dugu kolokan. Jazz arloan, behintzat, ez.
Zorionez, Mendizorrotza ia bete egin zen, ostegun iluntzean Esperanza Spaldingek eta, batez ere, Gilberto Gilek jotzen zutelako. Matematikoa da jazzaldi guztietan, baina, tamalez, jazzetik aldentzen diren emanaldiek ikusleria handiagoa erakartzen dute. Eta ez dut hori kritikatuko, horrek balio baitu jazz musikariak taularatzen laguntzen jarraitzeko.
Esperanza Spaldingek Radio Music Society bere azken proiektuarekin jende askorentzat gustukoa den musika nahasketa eklektikoa jorratzen du, jazz tantek bustitakoa, baina zati desberdinak bateratu nahi dituena. Emaitza ez da, ordea, batere garbia. Dena den, bere emanaldiaren hainbat unetan Esperanzak argi utzi zuen konpositore, zuzendari eta artista izateaz gain, bikain jotzen duela baxua eta kontrabaxua, baita jazzean zuzenean saiatzen denean ere.
Azkenik, gutxi esan ahal dut Gilberto Gilen emanaldiaz, haren musika ez dudalako ezagutzen eta ausardia iruditzen zait hain kultura eta ezagumen zabaleko gizonaren aurrean txorakeriak esatea. Bakarrik esango dut, talde interesgarri batek ondo lagunduta, gogoz jo zuela: gitarra (bere semeak jotzen du), biolina eta biolontxelo elektrifikatua, bateria eta perkusioa erabili zituen. Polita.
Kritika. Musika. Gasteizko Jazzaldia
Etorkizuna ez dago kolokan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu