KRITIKA. Musika

Etiketarik gabeko gozamena

Euskal Barrokensembleko kideak, iazko emanaldi batean. JUANTXO EGAÑA.
Marta Garcia
2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun

VI. Donostia Musika Zikloa. Euskal Barrokensemble

Taldekideak: Enrike Solinis (gitarra barrokoa, lautea, bihuela), Miren Zeberio (biolin barrokoa), Alejandro Saul Martinez (biolontxelo barrokoa), Daniel Garay (perkusioa). Egitaraua:Hego-Koloreak: G. Sanz, G. Kapsberger, N. Matteis eta abarren obrak. Lekua: Viktoria Eugenia Klub aretoa, Donostia. Eguna: Azaroak 10.

Euren lehen diskoaren izena hartuz, Euskal Barrokensemblek Viktoria Eugenian aurkeztutako Hego-koloreak programak ekialdetik zetozen eta Iberiar penintsularen hegoaldetik Europa osoan zehar aise hedatu ziren doinuak dakartza taulara. Ez da harritzekoa, hortaz, Koumis irandarra eta Euskal Herriko Ezpatadantza kateaturik eta naturaltasun osoz entzutea. Hegoari eta iparrari, antzinari eta garaikideari, hemengoari eta hangoari egozten zaien zentzu esentzialista galdu egiten den horretan, musikak gizarteari zer erakutsi baduela agerian geratu zen berriro ere.

Euskal Barrokensemble osatzen duten lau kideen birtuosismoaz hitz egitea pleonasmotzat jo liteke. Enrike Solinisek D. Scarlattiren Sonata en Re K32 obran eskainitakoa deskribatzeko ez dago, baina, beste terminorik, ezta Il Barbarino Eskuizkributik ateratako Quaranta de Francia ahaztezinean entzundakoa islatzeko ere. Miren Zeberiok samurtasunez beteriko txinpartak atera zizkion biolin barrokoari G. Sanzen Marionas eta Txakonan. Alejandro Saul Martinezen biolontxeloak, sostengua ez ezik, dirdira goxoa eskaintzen zuen parte-hartze guztietan. Eta Daniel Garayk perkusioan erakusten duen eite adierazkorrak eta fintasunak gailurra jo zuen Fandango herrikoian eta G. Sanzen Canarios bizian.

Esku-programaren ordenaren gainetik berpizkunde garaiko espirituari jarraituz, obrak moldaketa berezietan eta uneko inprobisazioez hornituta agertu zituzten, Solinis gidariaren esanetan, interpreteen eta publikoarengan gozamena pizteko helburu bakarraz. Lortutako emaitza eta harrerari begira, helburu hori sobera bete zutela baieztatu daiteke.

Nahiz beroegia izan, Viktoria Eugenia Klub aretoa guztiz aproposa suertatu zen Euskal Barrokensemblek gorpuzten duen Errenazimentu eta Barrokoaren giroan murgiltzeko, publikoaren eta musikarien arteko distantzia fisiko zein emozionala ia desagertu arte. Bada, euren ibilbidea gertutik jarraitzeko modukoa da, sen onaz eta dotoreziaz betetzen baitute espazioa, usainik gabe arima horditzen duten lurrinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.