KRITIKA. Musika

Eta Rosaliak esan zuen: «Izan bedi nahi dudana»

Rosalia, Barakaldora ekarri duen Motomami World Tour biraren barruan joan den asteburuan Bartzelonan eman zuen kontzertuko irudi batean. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
Marta Garcia
2022ko uztailaren 29a
00:00
Entzun

Rosalia

Egitaraua: Motomami World Tour. Lekua: Bilbao Exhibition Center (BEC), Barakaldo (Bizkaia).Eguna: uztailak 27.

Aitortza bi. Diskoa entzuna nuen, noski, baina Rosaliaren azken lanaren zuzeneko aurkezpenera ahal bezain garbi joan nahi nuen, ahal bezain subjektibo. Aitzitik, bere jarduerak dituen irismena eta nonahikotasuna direla eta, Motomami World Tour honen hainbat elementu iragazi egin zitzaizkidan nahi gabe. Kontzertu ostean, orduan bai, nire hitzak ehotzen saiatuz, irakurri ditut besteenak. Artean, kritika errepikakorra: taula gainean musikaririk ez egotea eta instrumentuei uko egin izana, horrek kontzertuen izaera bera birrindu egiten omen duela argudiatuz. Ikusmen murritza dauka ia bi orduko erakustaldian musika tresnarik hauteman ez duenak. Ugari zeuden, forma anitzetan.

Lehena eta garrantzizkoena: Rosalia bera, erdigunea, gidaria, musikari apartekoa. Transformazio guztietan bere instrumentuaren jabe. Beste bat: gorputzak, bere horretan, bihurduretan, izerdi tantetan. Erritmoaren zaindari. Beste bat: pantaila bertikal handietako irudiak, errealizazio itzelaren emaitza. Narrazio zehatz baten kontalariak. Beste bat: argiztapena, tarteka perkusio lanetan, tarteka melodiaren gainean estalki fina ipiniz. Beste bi printza: Dolerme abestian Rosaliak jantzitako gitarra eta Hentai labainean lagun izan zuen pianoa.

Posible zen, noski, soinua bera aurretik grabatutako pistek osatu ez izana, beste pertsonek jatorrizko sampler, chop eta filtroak unean-unean eranstea. Ez du behar. Festa irekiera den Saoko oinarritzen duen reggaeton erritmotik CUUUuuuuute sanba indartsura, emanaldi zirraragarria da Rosaliarena, sinbologiaz betea, baita Como un G sotilean zein Hentai erotikoaren sinpletasunean ere. Bere ilobari eskaintzen dion G3 N15, gurutzetik aurretiaz barkamena eskatuz. Aurreko lanei eta argitaratu gabekoei ere tokia egin zien. Despechá eta Con altura dantza-arrakasta berri eta zaharrak. Dandar amaigabeko gona De plata abesteko, bere erroen froga eskatu eta mila eman. Sortzaileak ez dauka justifikatu beharrik. Sortu egiten du. Ahotsa, argia, irudia, gorputzak, keinua eta musika, parean eta bat eginik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.