Literatura. 'KARTOGRAFIEN ETA MIKROBIO NARRATIBOEN ARTEAN'

Eta irakurleari liburuak

Alex Gurrutxaga Muxika.
2014ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Egilea: Amaia Iturbide.

Argitaletxea: Maiatz.

Eta irakurleari liburuak? Ez al dio ba edozein liburuk —galde zenezake— zerbait esaten irakurleari? Bai horixe, baina ez dute liburu guztiek tratu berdina egiten harekin. Cortazarrek zioen bestseller-ak irakurleari «espero duena» eskaintzen diola. Aldiz, orain asko ez dela, Saizarbitoriak aldarrikatu du errazegi esaten dugula zerbait aspergarri egiten zaigula, eta literatura irakurleak «esfortzua» egin behar duela. Amaia Iturbideren azken lanak maila oneko literatura eskaintzen dio irakurleari, eta esfortzua eskatzen.

Narrazioa eta saiakera landu baditu ere, Iturbide poeta gisa nabarmendu da. 1986an argitaratu zuen lehen poemategia, eta ordutik hona kritika espezializatuak onartu duen ibilbide poetiko pertsonala du egina. Kartografien eta mikrobio narratiboen artean lanean 2006tik 2013ra bitartean idatzitako 45 ipuin bildu ditu, batzuk dagoeneko Maiatz aldizkarian argitaratuak. Estiloa da, idazlearen hitzetan, hainbeste ipuin batzeko arrazoia, «uste ez badugu ere, une edo aro bakoitzean ezberdin idazten» baitugu.

Iturbideren estiloan espazioek —kartografiek— garrantzia handia dute, haien inguruan bilbatzen baitira gertaerak eta gogoetak. Liburuko lehen atalean Bilbo ageri zaigu, urruneko giro exotikoak bigarrenean, beste batean gertuko herriak; espazio horiek birsortzerakoan nabarmentzen da gehien Iturbideren luma. Deskribapen luze eta hanpatuak egiten ditu, mintzaldian pausak egin eta narratzailea behatzaile bihurtuz etengabe. Pintzelkada inpresionistak ematen ditu, surrealismo ukituak eta, oro har, egiten ditu naturaren ikusmiratik sortzen diren margotze literario zertzeladaz beteak: «Detailez zizelkaturiko/ paradisu pintzelatuan barrena/ galduz goaz», zioen Itzulbidea-ko (1992) poema batean.

Efektu estetikoa hautemateko sentsibilitate handia du idazleak, eta sentikortasun horrek aldenik alden gurutzatzen du bere literatura. Dena dago estetikoki hautemana izateko prest: «inguruko mendiak, erreka, eliza eta hainbat eta hainbat xehetasun, denak erne berriko abarrak eta zerrategietako txirbilak bezala han-hemenka sakabanatuta eta nire oroimenean zizelkatuta sutegietako burdinazko pieza forjatuak bezain gori eta adierazkor» (241. orrialdea). Jarrera horretatik sortzen dira deskribapen arranditsuak eta adjektiboen ugaritasunak dakarren barrokismoa; naroa da konparazio modernisten eta metaforen erabilera, zentrala sugestioaren indarra, aberatsa lexikoa.

Esanguratsuak dira fantasia eta errealismo magiko ukituak ere, esaterako, lehen atalean. Hamahiru ipuin daude bertan, eta sekuentziaka osatutako nobela gisa ere irakur daiteke. Ipuinotako protagonista Itziar Oiz da, Iturbideren alter ego modukoa, baina eite fantasiatsu eta magiko batek inguratzen du. Ipuin narratiboenak, berriz, Xehetasunak bahiturik eta Baldintza arrotzetan ataletakoak dira, eta, nolabait ere, Bidaiarik luzeenak liburuak (2005) markatutako lerroa jarraitzen dute; kontakizun biziagoak dira, 3. pertsonan narratuak asko, eta zuzenago heltzen diote trama bati.

Maila oneko narrazioak dira oro har, eta idazlearen begirada erabat pertsonala dute. Atal ederrak dira, esaterako, Harrizko liburutik ipuinaren hasiera, Armintza herria locus amoenus gisa margotzen duena; Laute-gauak ipuina, zeinak, hizkuntza joria medio, Ekialdeko giro iradokitzailea birsortzen duen; edo Legamia, neurria, kolore zuria, Manuel Lasarteren figura dakarkiguna.

Iturbideren kartografietan mikrobio narratiboei jarraitzeak ahalegina egitea eskatzen dio irakurleari, irakurketa pausatu eta sakonera behartzen du. Koxka hori gaindituz gero, mundu sentsorial aberatsak aurkituko ditu irakurleak orriotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.