Donostiako 71. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi Tabakalera

Eta film honetan Virginia Woolfen Orlando izango naiz

Paul B. Preciadoren Orlando, mi biografia politica filmeko fotograma bat. BERRIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'Orlando, mi biografía política'



Zuzendaria: Paul B. Preciado. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 98 minutu.

Paul B. Preciadori biografia bat idazteko eskatu izan diote. Baina berak badaki biografia hori jada idatzita dagoela: Virginia Woolfek idatzi zuen, 1928an. Preciadori, trantsizioa hasi zuenean, Orlando deitzen zioten, Woolfen liburuarengatik hain zuzen ere. Beraz, lotura egina zegoen. Biografia bat idazteko beharrik ez, baina irudien bidez, eta ahots eta gorputz ugari erabiliz, berridazteko beharra izan zuen pentsalariak.

Eskutitz eran eraiki du Preciadok Orlando, mi biografía política: Virginia Woolfi idatzitako eskutitz bat. Bertan, egungo Orlando askotarikoak aurkeztuko dizkio idazle ingelesari: haur, gazte eta nagusi ez-bitar eta transak. Amir Baylly naiz, eta film honetan Virginia Woolfen Orlando izango naiz. Emma naiz, eta film honetan Virginia Woolfen Orlando izango naiz. Jenny Bel'Air naiz, eta film honetan Virginia Woolfen Orlando izango naiz. Elios naiz. Naelle naiz. Julia. Noam. Janis.

Dokumentala, fikzioa, eskutitza, saiakera. Preciadok batetik bestera salto egiten du Woolfi eta gu guztioi azaldu nahi diguna azaltzeko; bata noiz amaitu eta hurrengoa noiz hasten den argi utzi gabe, ipuinetik testigantzara goaz, parodiatik manifestura. Preciadok ez dio formari ez kontzeptuari mugarik jarri gaur egungo Orlandoei buruzko bere erretratua egiterako garaian; ezin zuen bestela izan. Eta Orlando horiek hezur-haragizko pertsonak direla azpimarratzen digu pentsalariak; haien bizi esperientziekin. Horrela, Orlando Konstantinoplara bidali zutela ikus dezakegu, baita Jennyri nortasun agiria onartzen ez diotela ere. Orlandok Sasha ezagutzen duen unea bizi dugu, eta Eliosek bere lehen testosterona dosia nola joan zen azalduko digu.

Zenbaitetan formalegia, estrukturatuegia sentitu dut kontakizuna. Mugekin jolasteko aukera horrek imajinario apurtzaileago baterako bidea irekiko zuela uste nuen. Filmaren une batean protagonistetako bati produkzioko kide batek eskatzen dion bezala, trash-agoa. Baina pantailan ordu eta erdiz protagonista trans eta ez-bitarrak ikustea, eta haien bizi esperientziak entzutea, bada nahikoa apurtzaile; eta oso beharrezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.