'Asfaltoaren azpian, euria'
Konpainia: Piszifaktoria Ideien Laborategia. Gidoia eta zuzendaritza: Mikel Ayllon.Musika: Igor Arzuaga. Jantziak: Betitxe Saitua. Karakterizazioa: Maite Gutierrez. Atrezzoa: Iñaki Ziarrusta. Interpreteak: Mikel Ayllon, Irati Agirreazkuenaga, Igor Arzuaga. Lekua: Bilboko Plaza Barria, haren inguruak eta Areatza.Eguna: Ekainaren 24a.Bilboko Kalealdia jaialdira ekarri du Piszifaktoria Ideien Laborategiak bere azken sorkuntza, 60 lagunentzako ekitaldi ibiltari bezala planteatuta. Dudatan ibili naiz proposamenari etiketa jartzerakoan —beti etiketak jartzen: gorroto ditugu, baina beren zeregina daukate—, ea emanaldia kale-antzerkia ote zen, performancea agian, ibilbide antzeztua akaso... eta azkenean hiri esku-hartzea deitu diot, kritikariari dagokion zigorgabetasun osoaz baliatuta.
Hiri esku-hartzea, beraz, baina ez edozein esku-hartze, esku-hartze poetikoa baizik, intelektualtasunetik sortua, baina hala ere —edo horrexegatik— poetikoa. Poetikoa egiazko gertaerak eta balizko engainuak elkarren alboan eman dizkigutelako, poetikoa distopiaren barruko hurrengo distopian murgildu gaituztelako, eta poetikoa, euria agindu digutelako ilargi erdia nagusi zen gaueko oskarbian.
Bilboko Plaza Berriaren erdian elkartu gara parte-hartzaileok hitzen bidezko fantasia entzuteko behar genituen kaskoak jasotzeko, eta bitxia egin zaigu alboan genuen alemaniar emakumeak ere kaskoak eskatu izana, guk euskarazko emanaldia zela esan arren. Seguruenik euskararen doinua dastatu nahi zuen —handia da, gero, Bilbon euskara horrela entzun behar izatea—, eta seguruenik harrituta geratu da ikustean zenbat hiztun ikusezin elkartzen ziren ekitaldia euskaraz jarraitzeko prest, inguratzen gintuzten erdaldunak harrituta geratu diren bezalaxe.
Irakurle maitea: ez dizut lerrootan errebelatuko zertan den distopiaren barruko distopiaren diskurtso hori. Bakarrik esango dizut artegagarria bezain landua izan dela. Ikusi besterik ez dago ibilbidearen amaieran zirkuluan erakusgai jarri dituzten dokumentazio-liburuen gaiak: paisaiak eta psikologia, situazionismoa eta letrismoa... Nik, ordea, testuen eta hiriko txokoen arteko lotura estuagoa eskertu nezakeen guganako hari eroalea gehiegi ez tenkatzearren, zeren eta une batzuetan bazirudien edozein hiritarako egindako testua zela, eta ez preseski gu guztion aspaldiko bizipenekin konektatua.
Eta amaitzeko, Kalealdian bertan izandako kontu penagarri bat: asteazkenean Argako erregina eman behar zen 17:30ean, baina euri langarra zenez, atzeratzea erabaki zuten. Arratsaldeko seiak zirela hasi ziren atzeko oihala eta atrezzo konplexua atontzen parkeko pergolak dauzkan aterpe txikietako batean —zergatik ez zuten ordubete lehenago egin?—, eta euskaraz iragarrita zegoen emanaldia ordu erdi bat geroago hasi zen, baina gaztelania hutsez, ikusleok euskaldunak ginen arren. Shock egoeran geratu eta joan egin ginen, ordubeteko atzerapenaren ostean tamainako iruzurra jasan ezinik. Eta beste kontu bat: Bilbo bezalako hiriak, Frantziako Tourraren abiapuntu eta guzti izango denak, ez ote dauka baliabiderik karpa edo aterpe batzuk erosteko, artistak eta ikusleak eguzkitik zein euritik babestearren?