KRITIKA. Artea

Estimuluen gaindosia

Iruñean, Nafarroako Museoan ikusgai dagoen Bestelako liturgiak erakusketako irudi bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
2023ko urriaren 17a
00:00
Entzun

'Bestelako liturgiak'

Artistak: Askoren artean. Non: Nafarroako Museoan, Iruñean. Noiz arte: 2024ko otsailaren 25era arte.

Arte erakusketetara gerturatzen garen momentuan, ezinbestekoa da artelanaren, espazioaren eta museografiaren artean ematen den uztartzea, sinbiosia. Uztartze horrek gure atentzioa eta ulermena artelanetarantz bideratu beharko lukeela sentitzen baitut, nolabait. Izan ere, harmonia orekatu bat egoteak bermatzen du artistak sortu duen horren eta publikoaren arteko elkarrizketa bat egotea. Alegia, artelan bakoitzari behar duen espazioa ematea. Bada, teoriatik errealitateranzko saltoan beti sortzen dira oztopoak, desorekak, urratzeak...

Hain zuzen, hori da Nafarroako Museoko ateak zeharkatzean eta horrek mustu berri duen Bestelako liturgiak erakusketan barneratzean senti dezakeguna. Susana Blasek komisariatutako erakusketak 35 artistaren instalazioak biltzen ditu, eta horiek museoko bildumaren piezekin uztartzea da helburua. Halatan, erakusketa kolektibo horren bidezidorra marrazten duen gaiak antzinako eta oraingo erritual zein liturgien sinergiak azaleratzea du helburu.

Obretan aztertzen diren gaiak sei eremu nagusitan banatzen dira: natura eta bide espirituala; antzinako errituak; emakumezkoen tealogia eta magia; marrazki kanalizatua; sendaketa; eta amaigarritasuna. Honela, artisten piezek eta beste artelanekin sortutako elkarrizketek obren arteko poesia korrespondentzia infinituetara zabaltzen diren ibilbideak ireki nahi dizkiete ikusleei.

Artelan kopuru handi hau museoaren hiru solairuetan zehar zabaltzen da, eta aurkezten zaizkigun euskarriak eta ereduak askotarikoak dira: bideoa, pintura, instalazioak, eskulturak... Azkar harrapatuko gintuzkeen pluraltasun estetikoa, hain zuzen. Alabaina, erakusketaren antolaketak eta museografiak prozesu hau trakesten dutela arnasten da lehenengo solairuan jada.

Museoan sartzen garen momentuan, E1000 artistak egindako instalaziorantz bideratzen gaitu erakusketak. Instalazioak haren irakurketa ahalbidetzen du, kokatua dagoen espazioan artelan bakarra baita. Baina, lehenengo instalazioaren zaporearekin museoko behin-behineko erakusketak bildu ohi diren espaziora gerturatzen garenenean, estimuluen gaindosi batek hartzen gaitu. Hainbat eta hainbat instalazio pilatzen dira espazio berean.

Pilatze horretan kontraste bat dago, sabaitik zintzilikatutako plastikozko oihal erdi gardenek instalazio bakoitza besteetatik isolatzen baitute. Ondorioz, ez dago artisten instalazioen arteko elkarrizketarik. Bada, pilatze horretan, erakusketaren museografiaren rola erabakigarria da, gortinek eta artelanen informazioak zein komisarioaren testuak biltzen dituzten kartelen eskala handiak eskasa den espazio hori eskastu egiten baitute. Halatan, diseinu museografikoak areagotu egiten du erakusketak igortzen duen sentsazio klaustrofobikoa.

Museoaren hurrengo solairuetan sentsazio hori guztiz desagertzen da. Esaterako, bigarren solairua zeharkatzen dugun heinean, aurkezten zaizkigun piezak eta horiek antzinako artelanekin sortzen dituzten atmosferak deigarriak dira guztiz. Horien artean daude Mavi Revuelta, Mireia Martin Larunbe nahiz Angela Morenoren lanak, besteak beste.

Erakusketaren abiapuntu den hausnarketa teorikoa erakargarria bezain interesgarria da. Halaber, erakusketaren parte diren pieza artistikoen proposamen estetikoek ildo bera bereganatzen dute. Hala ere, espazioen arteko desorekak eta lehenengo solairuan pairatzen den pilaketak dakarten gehiegizko estimulazioaren ondorioz, proposamenaren bazterretan galtzen gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.