Ganorexia da Iñaki Segurolaren azkenengo liburua, hilondoan argitaratutakoa. Seigarrena autorearen ibilbidean, Garbiñe Larreak epilogoan esan bezala, «etxeko apalategian leku propioa hartzeko adinako» obra osatuz. Liburuan ugariak diren hitz-jokoetan beste bat da izenburukoa, ganora eta anorexia hitzek osatua. Bizitzeaz eta idazteaz, horren ezinez dihardu Segurolak (senti)-pentsakizun bilduma honetan. Hizkuntzatik mundura, eta alderantziz.
Gaitegia askotarikoa da. Oroz gain, baina, Segurola bizitzaz ari dela esango nuke nik. Nekez aurki daiteke jorratzen dituen afera, auzi eta abar guztiak bilduko duen izendapen hoberik. Giza harremanez eta izaeraz asko, erlijioaren eta espiritualitatearen arteko ildo estuez dezente, hizkuntzaz, pandemia covidiarraz, beste hainbat afera lurtarrez... Norbere bizimoduaz, bizi ikuspegiaz, bizi estiloaz, ars vivendi-az, finean. Berrikuspen etengabean dabilen luma baitakusagu orriotan, behako zorrotza zuzentzen diona hala bere buruari nola inguruari. Botatakoekin ados egon zein ez, ekinak berak liluratzen du, hainbat uste finko auzitan jartzeaz batera, zirikatze atsegin bat eragiten duelako gogoan. Hizkuntza kamutsaren garaiotan haize freskoaren gisan sartzen da Segurolaren labana, barruraino.
Zolitasuna dario alde guztietatik autorearen idazkerari, mezuaren eta kodearen arteko interferentziek edertutako prosa muinezkoari. Azala eta mamia bat dira sarri testuan, batetik hasten dela autorea bestean bukatzeko, bata erabiltzen duela besteaz aritzeko. Bitasun horrek ezaugarritzen du, hein batean behintzat, Segurolaren pentsaera bera ere, ezeren gainetik ezbaikaria izanik berau. Saiakeraren alderdi formala ere horri lotzen zaio erabat, izan ere, baieztapenak gorabehera autorea estiloa —ezen ez tamaina edo neurria— topatu nahian dabilela dirudi, estiloaren bilaketa etengabea dela bere idazketa. Ez bedi ulertu estiloa erakuskeria hutsetik, jakina, baizik eta esakune eta esanguraren uztarketa ahalik eta egokienetik.
Adierazezina adierazteko saiakera duin bat antzeman daiteke testuan, autorea adierazezintasun horretaz jakitun delarik. Ezizana goratzea, edertzea, horixe literaturaren funtzioetako bat, Segurolak ataltxo batean dionez. Literaturatik asko du saioak, berez. Saio itxurako ariketa literariotik. Irakurri ahala autore jakin bat etorri zait niri burura, testuan bi aldiz aipatutakoa, gainera: Friedrich Nietzsche. Nietzscheren estilo zorrotz bezain laburra, jostalaria eta solemnea aldi berean, literarioa guztiz. Orobat, hizkuntzatik ari zen autorea dugu alemaniarra. Segurolak ondoen menperatzen duen arloa berau, gogoeta pizgarri askotarako baliatzen duena. Ezin uka autoreak hartutako zidorrek izutu dezaketela irakurlea, dela idazkeragatik beragatik —bere berbaroan galtzeko beldurra—, dela edukiagatik —politikari buruzko pasarteak bereziki gordinak iruditu zaizkit—. Alferrik da zenbait iritzirekin ados ez egotea, ordea; aitzitik, Segurolak irekitako bidexketatik barneratu beharko luke irakurleak, gozamen hutsez.
'Ganorexia'
Estiloa, bizitza
Idazlea: Iñaki Segurola. Argitaletxea: Alberdania.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu