Literatura. 'ZIURGABETASUNAREN AROA'

Estaturik gabeko nazioei so

Alex Gurrutxaga Muxika.
2013ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Egilea: Alain-G. Gagnon.

Itzultzailea: Joxe Antonio Sarasola. Argitaletxea: Alberdania.

Dozena bat hizkuntzatara baino gehiagotara itzuli dute L'Âge des incertitudes Alain-G. Gagnon ikerlari eta irakasle entzutetsuaren saiakera; orain, euskaraz irakur genezake (euskaraz dugun haren bigarren lana da).

Federalismoari buruzko saiakera mamitsua da Gagnonena, ikerketa akademikoan eta azterketa kritiko sakonean oinarritua. Obra erabat aktuala da, ez bakarrik originala orain bi urtekoa delako, baizik eta federalismoa azkenaldian puri-purian dagoelako. Gagnonek dio «Estatu-nazio berrien sorkuntza bolada baten bezperan gaudela», eta uste du Espainia federalismoaren bidean dagoela. Gogor kritikatzen ditu zentralismoa (eta federalismoaz mintzo diren zentralistak) eta gutxiengo nazioen autonomia eskaerak onartzen ez dituzten Estatuak. Horren ordez, federalismo multinazionalaren aldeko apustu irmoa egiten du.

Oinarri zientifiko sendoa du saiakerak. Batetik, errealitatearen deskribapen kritikoa egiten du Gagnonek, nagusiki Quebeceko eta Kataluniako kasuak behatuz, baina, betiere, Euskal Herria eta estaturik gabeko nazioak gogoan. Gainera, azterketa konparatiboa egiten du, eta horrek ikuspegi interesgarria ematen dio irakurleari. Bestetik, iturri anitzetako informazioa aztertzen du: alde horretatik, aipatu beharrekoak da oin-oharrak ematerakoan duen zehaztasuna eta amaieran sartu duen bibliografia (bidenabar, gaurkotasun erabatekoa duena). Azkenik, deskribapen eta azterketa kritikoaren gainean egiten du Gagnonek bere gogoeta eta proposamena.

Horrek guztiak irakurketa dentsoa bihurtzen du, baina, aldi berean, zehaztasunak babestu egiten du teorizazioa. Halaber, nabaria da testua dibulgatiboago bihurtzeko ahalegina (taulekin, egitura azalduz, eta abar).

Esanguratsua da, berriz, federalismoari buruzko saio honen lehen atala hizkuntza aniztasunaren ingurukoa izatea. Hori klabea da, Gagnonen ustez, komunitate linguistikoaz gain komunitate politikoa ere definitzen baitu. Atal honetako ideiak erraz ekarriko ditu irakurleak gurera. Besteak beste, interesgarria da nola definitu eta baloratzen diren elebitasun pertsonalaren irizpidea (EAEko legeena kasu) eta lurralde elebitasunarena (Nafarroakoa, adibidez).

Ziurrenik, pasarte diskutigarrienak etika ukitzen dutenak dira. Izan ere, puntu horretan logikotzat hartzen dira gizarte eta mundu ikuskera bat, baina hori, onartu beharra dago, kontu pertsonala da. Adibidez, Quebecen kasuaz ari delarik Gagnonek zera dio: «Gizarte liberal bati dagokion gauza da horrelako emantzipazio politiko bat sustatzea». Gu ziur egon gaitezke hala behar lukeela, baina ezagutzen ditugu horrela pentsatzen ez dutenak ere. Esango nuke etikaren esparruan anarkismoaren postulatu teorikoetatik gertu dabilela egilea, batez ere askatasun indibidualaz eta kolektiboaz ari denean. Horrez gain, ikuspegi etiko horrek kutsu utopista duela esango du inork, mintzo baita «garapen zoriontsuaz» edota «neurritasunaren, duintasunaren eta abegikortasunaren gainean eraikiko den politika» batez. Badira irribarre mikatza ezpainetan irakurtzen diren lerroak ere: «[F. Palermok dio] oraindik ez zaiela onartu gutxiengo nazionalei autonomia eskubiderik eta berorren erabilpena lekuan lekuko Estatuaren borondate onaren esku dagoela».

Azken batean, esan behar da saiakera nahiko espezifikoa dela hizkera teknikoa duelako, kontzeptu asko lantzen dituelako eta irakurleari eskatzen diolako oinarrizko jakintza irakurketaz eta gogoetaz gozatu ahal izateko. Hori bai, errealitate soziopolitikora hurbiltzeko modu kritiko eta serioa zinez eskertuko du irakurle interesatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.