KRITIKA. Zinema

Espazioa, absentzia, topagunea

Muga deitzen da pausoa filmaren fotograma bat. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun

'Muga deitzen da pausoa'

Zuzendaria: Maider Oleaga. Herrialdea: Euskal Herria.Iraupena: 79 minutu.

Fikziozko euskal zinemaren azken urteotako loraldiak eta arrakastak (nolabaitekoa, betiere) duen arriskuetako bat zera da, estaltzea garai berean fikziotik kanpo egiten ari den bide zinez interesgarria. Ez da gure arazo propioa, zinematografia guztietan ematen baita; bigarren edo hirugarren mailako hartu ohi dira gisa horretako proposamenak. Eta, jakina, zenbat eta pertsonalagoak, libreagoak izan, orduan eta lurpekoagokoak dira.

Alde horretatik, pozgarria da oso ikustea Maider Oleagaren filmak zinema aretoetako bidea egitea lortu duela, modu mugatuan bada ere. Izan ere, Elbira Zipitria andereñoaren gaineko filma ez da ohiko biopic-a, inondik inora; halakorik nahi duenak beste nonbait bilatu beharko du.

Espazioaren eta absentziaren gainean eraikitako begirada pertsonala eta intimoa eskainiko du Muga deitzen da pausoa-k. Interpretazio oteizarretan erori gabe, hutsune bat da protagonista; iraganetik dator, eta, bere izate horretan, espazioa betetzen du.

Espazioa; egilearena, eta pertsonaiarena, jakin nahi duenarena eta joan ez den mamuarena, memoriarena eta ahanzturarena. Espazioa berriro ere etxea da, gure filmografia laburrean oso presente dagoen osagaia; ezda Man Rayren euskal bizilekuaren sigi-sagako bilaketa hura, baina Oleaga ez dabil handik urrun. Hemen, ordea, etxea etorri zaio, eta harekin batera, presentzia.

Etxe horren barruan, ongi bereizita daude egongela, garai bateko ikastokia eta logela, norberaren espazio intimoa. Baina hor ere gauzak ez dira uste bezalakoak, espazioa ere, memoria bezala, moldakorra baita.

Filmak amaiera ez den klimax bereziki hunkigarri bat du, pertsonak eta pertsonaiak, orainak eta oroimenak bat egitean. Oleaga desagertuko da, eta espazioa hustuko, eta ordura arteko elkarbizitza aberatsak memoria moduko bati utziko dio lekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.