Artea. Kritika

Eskultorea baino gehiago

Francisco Durriok XX. mende hasierako artean izan zuen lekua ekarri du gogora erakusketak. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Mikel Onandia Garate.
2013ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Artea

Francisco Durrio

Erakusketa: Gauguinen aztarnen gainean. Lekua: Bilboko Arte Eder museoa. Noiz arte: irailaren 13ra arte.

Harreman berezia du Francisco Durriok (Valladolid, 1868 — Paris, 1940) Bilboko parkeko museoarekin. XX. mende hasieran Arte Ederren Museoak eta Arte Modernoko Museoko Patronatuetako batzordeek aholkulari gisa zuten eskultorea, hark Parisko merkatuaren berri ematen baitzuen Ignacio Zuloagak bezala —Frantziako hiriburuan geratu ziren bi euskal artista bakarrak; beste guztiak bueltatu egin ziren Euskal Herrira—, eta urte askotan hainbat obra eskaini eta batzuk erosi ziren haren bitartez, bai bereak bai beste artistenak, izan garaikideak izan antzinakoak. Izan ere, sortzaile lanaz gain, arte salerosle gisa jarduten zen Durrio Parisen —ezaguna da Durriok Gauguinen 100 obra baino gehiago eskaini zituela Bilbora ekartzeko, baina ez zutela onespenik izan—, bai museoentzat bai Horacio Etxebarrieta mezenasarentzat, gehienetan diru faltak bultzatuta.

Juan Crisostomo Arriagari Monumentua (1906-1932) ere —argiki sinbolista, soil, borobildu eta angelutsua aldi berean, primitibismo zantzuekin, musikaren jeinuaren heriotza azkarra irudikatzen duena— Bilboko museoaren zati ezinbestekoa bihurtu da. 25 urte lehenago Udalak lehiaketa deitu eta Durriok irabazi eta gero, tirabira gogorrak eta artista lagunen sostengua lortu eta gero inauguratu zuten parkeko Pergolan II. Errepublika garaian, nahiz eta frankismopean Enrique Barros eskultorearen jantzitako musa batek ordezkatu zuen. Erakusketan Durrioren lanaren sortze prozesuaren inguruko orotariko dokumentazioa ikus dezake bisitariak.

Orotara, 200 pieza inguru dira; katalogatutako Durrioren lan gehientsuenak, eta beste hainbeste lagunenak. Izan ere, adopzio herriko eta Parisko testuinguruko artisten lanak ere ekarri dituzte erakusketara, muntatze eta girotze zorrotz eta ikusgarri bati bide emanez —Durrio 50 urte inguru bizi izan zen Frantziako hiriburuan, Bilbon Antonio Lekuonaren tailerrean eta Arte eta Ofizio Eskolan ikasi ostean—. Eskultoreak zeramika landu zuen Picassorekin, Gauguinen lagun mina izan zen —haren bildumako lan batzuk daude Bilbon ikusgai—, eta hainbat euskal artistari harrera egin zien Montmartren zela.

Badira gazte garaiko lanak —Etxebarrietatarren brontzezko eta marmolezko bustoak—, eta haren lagunek (Luis Roy, Gezala, Uranga, Gonzalez, Etxebarria) gauzatu erretratu eta bestelako lanak. Ez dira falta Zuloaga, Iturrino, Ramon Casas zein Maxime Maufraren pintura bikainak, 1919ko Bilboko I Pintura eta Eskultura Nazioarteko Erakusketan erakutsi eta museoan bukatzeagatik ezagun zaizkigun Gauguinen lanak —badira baita maisu frantsesaren zinkografiak, egurrezko eskultura handi bat eta zeramika beiratuzko ontziak—, eta baita Serusier eta Anglada Camarasaren artelanak. Halaber, Durrioren bitartez Bilboko pinakotekak eskuratutako piezak ere badira erakusketan; horien artean, Adolphe Monticelliren Amazona (1860-70), 1926an erosia eskultoreari.

Durrioren produkzio pertsonal eta helduenari dagokionean, pieza zinez bereziak aurki ditzakegu; besteak beste, Gizonezko maskara (1903-23) sinple bezain ederra, Abaroa familiarentzat eginiko buru-pitxer erraldoi eta ikusgarriak, orotariko esfinge, loti, Kristo, ahari eta inka buru itxurako zeramikazko ontziak —bai jatorrizkoak bai Etxebarria eta Girauden pinturetan errepresentatutakoak—, zein hainbat monumentu proiekturen aurkezpena. Estatuak, zeramika eta arkitektura uztartzen zituen lan monumentalen kasuan —horien artean kokatu behar dugu Arriagaren omenaldi eskultura—, zailtasunez gauzatu zituen beti Durriok. Garaipenaren tenplua lan handinahia maketa hutsean geratu zen, eta etxebarrietatarren kriptaren zati bat baino ez zuen gauzatu. Erakusketan ikusgai dugu marmolezko —igeltsu eta latoizkoak ere badira— San Cosme (c. 1903-6), figura luzanga eta mistikoa, burezurra eskuetan duela. Azkenik, harribitxiak: hegazti, suge, beso luzanga eta Kleopatra itxurako zilar eta urre zizelkatuko orratz, eraztun, zintzilikari, lepo-eusle eta belarriak aurkituko ditugu, original eta delikatuak oso, ekialdeko inspirazioko formatu ñimiñoko eskultura bikainak.

Pieza hautaketa zabal eta katalogo zorrotzari esker, sakontasunez, Arte Ederren Museoak euskal artean forma eta ikonografia aldetik lengoaia pertsonal eta berezia garatu zuen eskultorearen figura erreskatatzen asmatu du. Bisita eta gero, zilargile zorrotz, zeramista maisu, eta praktikara nekez eramaten zituen proiektu handien egile gisa agertzen zaigu Paco Durrio. Duda barik, XX. mende hasierako giro artistikoko pertsonaia garrantzitsua dugu, baina haren obra eta ibilbidea —distira nabarmenak agertu arren— diluitua geratzen da inguruko sortzaileen lanen artean, eta artista handi bat izateko pauso bat atzean geratzen delako irudipenarekin bukatzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.