Parisko Orkestra
Zuzendaria: Yoel Levi.
Pianista: Jean-Frederic Neuburger.
Egitaraua: Claude Debussyren 'Fauno baten loaldiaren Preludioa'; Maurice Ravelen 'Ezker eskurako piano kontzertua' eta Anton Dvoraken 'Zazpigarrensinfonia'.
Lekua: Donostiako Kursaal Auditoriuma. Eguna: abuztuak 23.
Kontzertua hasi orduko logura izugarria helarazi zigun Parisko Orkestrak. Sentsazio baikorra, Claude Debussyren obra biao sakon bat deskribatzen saiatzen baita, flautaren melodia sorgintsuak edonor kutsatu arte. Zurezko haizeetan maila ikaragarria azaldu zuen orkestra frantziarrak, flauta eta klarinete bakarlariak txundigarri arituz. Orain arte Musika Hamabostaldi honetan entzun ditugun orkestretatik, Pariskoa dugu lehen tokian, bai soinu trinkotasunean bai musika irizpideen jatortasunean. Hain bere dituzten Claude Debussy eta Maurice Ravel konfiantza eta soinu kolore anitzez hornitu zuten, interpretazio bakoitza aparteko irakastaldi bat bihurtuz.
Arrautzopil frantses honetan bakarlari frantziar bat behar genuen, eta hara hor Jean-Frederic Neuburger piano jotzailea. Aurtengo musika jaialdian izan dugun lehen ezusteko izan da gazte honen erakustaldia; ez soilik ezker eskuarentzat idatzitako obra bat jotzeagatik, adierazitako soinu eta harribitxiko melodia politak nabarmentzeagatik baizik. Show ikusgarria da pianista bat ezker eskua bakarrik erabiltzen ikustea, baina horren garrantzia alde batera utzita, teklatuan barrena jorratutako soinu distiratsuak kristorenak izan ziren. Erpuruaz lagunduta akorde bakoitza argi distira eztanda bihurtu zuen zuen, eta teklatua bikain ekortu zuen goitik behera.
Anton Dvoraken musika askotan Johannes Brahms-enarekin alderatzen da, baina txekiarra ez da alemaniarraren mailara inoiz iritsiko. Zazpigarren Sinfonia botere handiko obra koloretsua da, mezzofortetik goraka lantzen dena, une barrenkoirik gabekoa. Parisko Orkestrak suziri betean interpretatu zuen sinfonia, Levi pasio handiz orkestra bultzatu nahian eta musikarien arimak odol beroan. Orkestra garrantzitsu baten interpretazio duin bat izan zen, gehiegi miatu gabekoa baina txukuntasun esparruaren barne trata daitekeena. Bihar Parisko orkestraren bigarren round-a.
Kritika. 73. Musika Hamabostaldia
Esku zitala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu