Euskarara ekarritako Natalia Ginzburgen laugarren lana dugu Bertute txikiak, Irene Hurtado de Saratxok itzulia, Alberdania argitaletxearen eskutik. Autorearen hainbat urtetako idazlanak biltzen ditu liburuak. Bi zatitan emana da, lehenengoan kutsu autobiografikoko kontakizun laburrak aurki daitezke; bigarrenean, ostera, saiakera itxurakoak.
Malenkoniak lotzen ditu lehenengo zatiko testu gehienak, iraganari itzulitako begirada garratzak. Malenkonia horren sorburu nagusia da gerra, zeinak Ginzburgen patuan erabateko eragina izan baitzuen. Abruzzo herrian igarotako erbestealdiaren kronika da Negua Abruzzon narrazioa; senarra hil ondoko garaiaz mintzo da, berriz, Zapata urratuak. Batean zein bestean igarri daiteke mundu materiala eta immateriala lotzeko idazleak duen abilezia, objekturik ezdeusenaren, hitzik arruntenaren esanahi ezkutua azaleratzeko gaitasuna. Berdin herritarren etxeko sua edo norbere zapatak. Hildako lagun Cesare Paveseren bizitza eta heriotza du hizpide Lagun baten erretratua kontakizunak. Idazlearen soslaia egiten du Ginzburgek, laguntasunari gorazarre gordin eta hunkigarria eginez. Erretratu zintzoa da, tarteka krudela ere bai. Heriotzaren kontakizuna bereziki gogorra da. Uda betean, Torino hiriko hotel batean buruaz beste egin zuen Pavesek: «Berea zen hirian, arrotz baten gisa hil nahi izan zuen». Tonu mikatzetik zertxobait aldentzen dira Ingalaterrako bizimoduari buruzko bi testuak zein Gabriele Baldini bigarren senarrarekin izandako harremanaz diharduen Bera eta ni narrazioa, iruzkin gupidagabeez beteriko jario sarkastiko samarrean emanak.
Bigarren parteko testuek idazlearen pentsamoldean sakontzeko gakoak ematen dituzte. Gerrak ekarritako inozentziaren galera eta horrek aurreko belaunaldiarekiko sortutako arrakala sumatzen da Gizakiaren umea eta Isiltasuna saiakeretan. Isiltasuna epaitu eta gezurrari izkin egiteko beharra aipatzen du autoreak, apustu estilistiko zein jarrera etiko gisa. Gerraren osteko belaunaldiak ezin omen du gezurretan aritu, Ginzburgen ustez, «ez liburuetan ez beste ezertan». Nire lanbidea-n, aldiz, bere idazketaren gainean hausnarrean ariko da idazlea. Esaten dituenen artean idazlearen kondizio lurtarraren aitorpena nabarmenduko nuke nik, lanerako erakusten duen apaltasunaz batera. «Idazle txiki bat, txiki-txikia» sentitzen denak zolitasunez gogoetatzen du idazkera maskulinoaz, amatasunaz, idazlearen eta bere inguruaren arteko erlazioaz, diruaz eta horrek dakarrenaz (Bertute txikia), giza harremanez (Giza harremanaz). Gizarteari buruzko usteak bere literatura aztertzeko ere baliagarriak direlakoan nago. Finean, Ginzburgen obran banaezinak dira bata eta bestea, biak konpromiso hitzaren pean uztartzen direnez. Engaiamendua dario bere idazketari, denik eta zentzurik zabalenean. Sherwood Andersonek Faulknerri emandako aholku hura («idatzi ezagutzen duzunaz») bere egin eta zapaltzen zuen lurraz idazteari emana zen Natalia Ginzburg, lur horretan mundu osoa biltzen zela jakinik.
'Bertute txikiak'
Eskritore txikiak begirada zorrotz
Idazlea: Natalia Ginzburg. Itzultzailea: Irene Hurtado de Saratxo. Argitaletxea: Alberdania.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu