KRITIKA. Antzerkia

'Eskerrik Basko'

Galder Perez eta Ane Zabala, obraren une batean. GILKITXARO.
2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun

'ETAren agiri bulegoa'



Testua eta zuzendaritza: Gilkitxaro. Antzezleak: Galder Perez, Ane Zabala. Lekua: Bira kultur elkartea, Bilbo. Eguna: ekainak 12.

Indarrez hasten eta bukatzen den pieza honen titulutik bertatik, jakin badakigu Gilkitxarokoak talante irreberente eta atrebituaz etorriko zaizkigula Bira kultur elkartean antolaturiko matinéra. Bitxia ordutegia eta berezia Galder Perez eta Ane Zabalak erakutsi diguten txantxarako seriotasun iraunkor eta konprometitua. Urteak dira oholtzan daudela, estilo propioa finkatuta dutela, baina, plazaratzen duten ikuskizun berri bakoitzarekin, freskotasuna ekarri eta bizitza sorpresaz alaitzen digute behin eta berriro. Ondo gozatuko genuelako susmoarekin sartu ginen Biran, eta ezin baino hobeto pasatu genuelako sentsazioarekin irten ginen; beraz, antzezleek elkarri esaten zioten bezala, horratx,«eskerrik basko» bat zuentzat.

Testua eta dramaturgia gutaz, —serio eta sano—barre egin dezagun pentsaturik daude. Dena da txantxa, broma, trufa, arraileria, deskantsurik gabe. Izan imintzioak, izan hitz solteak, esapideak edota aurpegierak, algaretarako aitzakia bilakatzen dituzte bi komiko handi eta lotsagabe hauek. Euskaldunen erreferente kulturalak baliaturik—politika, musika, literatura, hizkuntza...— , pasarte ironikoak kateatu eta fartsa eratu zuten Petral Bilbao eta Makal Xiberu protagonistek ETAren bulegoan, non, artistei berariazko zigilua banatzen dieten, baldin eta, euskal ezagutza frogatzen duten. Hori dela eta, Petralek Makal elkarrizketatuko du, erakundeko kalitatezko partaidea izan daitekeen jakiteko, zigilua emango dion ala ez argitzeko.

Eszenografiak elementu gutxi ditu, baina attrezzo oso esanguratsua, bazar txinatar batean erositako merchandisingaematen duena. Abertzaletasunaren ikonoak diren ikurrina eta lauburuak, besteak beste, xukaderetan, txankletetan, galtzontzilo zein telazko aire-freskagarrietan. Gainera,elementu horietako hainbat soinean jantzi eta,hori piura Makalek lortzen duena!

Atsedenik gabe, antzezpenaren energia puntu gorenean mantentzen, atentzioa arrantzatu digute hasieratik amaierara bitartean. Ikusleek, adi-adi egon behar dutela konturatuta, arreta zorroztu dute ezer ere ez galtzeko. Ez genuen gutxiago espero, «erreboluzio handiko zentrifugazioa» iragartzen zuen txarteleko azpititulua irakurrita geneukalako, hots, metraileta baten erritmora bizitako komedia zioena, ausardia guztiaz. Antzezle bakoitzak, nahita, antzezpenerako nortasun propioari eusten dio; era horretan, Galder Perez histrionikoagoa da, Ane Zabala kontenituagoa. Elkarren arteko bikote guztiz egokia osatzen dute aspaldian, gure Dean Martin eta Jerry Lewis izango balira bezala, bata lasaiagoa, serioagoa, eta bestea mugituagoa, pailazoagoa; lehenbizikoa emakumezko Walter Matthau genuke, bigarrena, aitzitik, Jack Lemmon bat.

Nago, bertakoak ez garenontzat, Bilbon badagoela umore berezi bat debaluatu gabeko kabaret kutsuarekin primeran lerratzen dena. Barregarritasun horri, amak irakatsita, txirene esaten ohi diogu gurean, eta nago ETAren agiri bulegoa nortasun horretan bete-betean sartzen dela. Intentzio zirikatzaileko gaiztakeriaz beteta, burlatia, ausarta, politikoki ez zuzena, eta horregatik oso politikoa da: karga handiko artefaktu kulturala hala ulertu nahi duenarentzat, hala ulertu ahal duenarentzat, gutaz barre egitea onartzenduenarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.