KRITIKA. Donostiako 54. Jazzaldia

Eskerrik asko, Mr. Zorn

John Zornek Donostiako Jazzaldiaren saria jaso zuen, herenegun, Miguel Martin zuzendariaren eskutik. JUAN HERRERO / EFE.
Antton Iturbe.
2019ko uztailaren 30a
00:00
Entzun

John Zorn: 'Bagatelles Marathon' I eta II



Lekua: Kursaal auditoriuma. Egunak: uztailaren 27a eta 28a.

Harrotasunez, pittin bat hunkituta eta merezimendu osoz jaso zuen John Zornek Donostiako Jazzaldiaren saria, Bagatelles Marathon ekitaldiaren igandeko saioa hasi aurretik. Baina une horretan, eta bere ibilbide osoan egin duen moduan, bere kolaboratzaile eta lagunak ez zituen alde batera utzi eskerrak emateko garaian. «Musika jendearen arteko komunikazioan eta elkarlanean oinarritzen da. Sari hau nirekin lan egin duten artista guztiei ere badagokie. Batak bestearen beharra dugu bizitzeko». Hala baita, eta agian inoiz baino garbiago, bi saio luzeetan banatuta aurkeztu zigun Bagatelles proiektu eder honetan. Zornek idatzitako konposizioen (edo hobeto esanda, musika inprobisatzeko estrategien) interpretaziorako 22 artistaren arteko 14 konbinazio pasatu baitziren Kursaaleko agertokitik.

Zorn bera izan zen, saxoari putz eginez, ekitaldiari hasiera eman ziona, Masada laukotearekin batera; eta berak eman zion bukaera ere, Marc Ribot, Trevor Dunn eta Kenny Grohowskiren saioaren zuzendari gisa amaitzeko agindua eman zuenean. Berak aurkeztu zuen saio bakoitza, eta, eskaintzaren zabaltasuna eta aniztasuna izugarria izan arren, bere inspirazioa eta aztarna pertsonal nahasezina sumatu ahal izan genuen une oro. Edozeinek jota ere, bere musikak arrisku sentsazio deseroso eta aldi berean guztiz liluragarria eragiten du beti. Izugarrizko zorroztasunez eraikitako egitura konplexu bat dirudi, artisten erabaki, keinu, ufada edo kolpe bakar baten ondorioz erabateko forma berri batera mutatzeko gai, erronka berriak planteatuz eta musikariak bere onena ematera behartuz aldi oro. Edo hori irudikatzen dut nik behintzat neure buruan, Zornekin elkarlanean aritzen direnean artista guztiek erakusten duten maila gorena ikusirik.

Bagatelles Marathon ez da salbuespena izan, eta Donostian eman zituen bi saioetan adibide oso ederrak utzi zizkigun berriz ere. Maila tekniko horren altua izan zuten saioen artean bata edo bestea gailentzean, eragin handia dute norberaren gustu eta joera pertsonalek eta unean uneko baldintzek. Masadaren jazz dotoretik hasita, Triggerren hardcore basatira, edo Gyan Riley eta Julian Lageren gitarra akustiko delikatu zoragarrietara, eta Brian Marsellaren pianoren uhar sonoro geldiezinera, denek eman zizkiguten gozamenerako aukera franko. Baina nire ikuspegitik, Sylvie Courvoisierrek pianoz eta Mark Feldmanek biolinez, hain modu txundigarrian uztartu zituzten teknika, soinu bitxien sorrera, eta musikaren diskurtsoa eta dinamika, edozein jazzalditan ikusi dudan unerik handienen artean jarriko nukeela, baita Mary Halvorsonen gitarra ahalguztidunaren ekarpen bakoitza ere.

Halere, azken saioan, Zorn zuzendari moduan musikariei etengabe desafio eginez, zirikatzaile, gozatuz eta gozaraziz ikusteak ez du parekorik. Punkaren eta hardcorearen freskotasun eta intentsitatez eta jazz abangoardiaren zorroztasunez eta abenturarako grinez 80ko eta 90eko hamarkadetan New Yorkeko Knitting Factorytik historia aldatuko zuen musika handi horren sormen unera eraman gintuen berriz ere. Eskerrik asko, Mr. Zorn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.