KRITIKA. Zinema

Ertzak dituen aberria

David Perez Sañudoren Ane pelikulako irudi bat. BERRIA.
Gontzal Agote.
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun

'Ane'

Zuzendaria: David Perez Sañudo. Urtea: 2020. Herrialdea: Euskal Herria.

Errelatoaren gudu-zelaian batzuk tematuta daude ia erabat zuri-beltzezkoa den kontakizun mainstream-a zabaltzen; dirudienez, ez doakie batere gaizki. Zorionez, gris asko eta askotarikoak beharko lituzke atzera begirako beharrezkoan bestelako proposamenak daude tarteka, horrenbeste bozgorailurik gabekoak.

Ane-ren meriturik handienetakoa horixe baita, ertz erpineko errealitate konplexu baterako hurbilketa poliedrikoan ahalegintzea. Kontraesanez beterik daude pertsonaiak, baina horrekin aurrera behar dute; kezkaz bizi dituzte egoera asko, baina egia absoluturik ez dute bilatzen.

Gatazka politikoak (edo gatazka politikoek) eguneroko presentzia jasotzen du istorioak (edo istorioek), baina ez lehen planoan, baizik eta etengabe presente dagoen (edo zegoen) bidaide baten moduan. Markoa hori izanda, egunerokoak du (edo zuen) lehentasuna, problema eta tragedia txikiak (edo handiak).

Bi plano horien artean mugituko da Ane, intimo-sozialetik hurbilago soziopolitikotik baino. Alde horretatik, azken urteotan euskal zineman zabaldu diren bide berrietan aire bafada freskoa da filma; oso «euskal» izanik, unibertsaltasunaren bilaketa ezin interesgarriagoa. Alde horretatik, Imanol Uriberen lehen filmekin edo, beste maila batean, Uxue Alberdiren Jenisjoplin-ekin nolabaiteko kidetasuna du Ane-k.

Nabarmena da bi plano horiek —pertsonala eta kolektiboa— desorekatuta daudela, ez baitiote filmari ekarpen bera egiten. Pertsonaien bizipenek berebiziko indarra ematen diote istorioari—esaten ez direnak, ama-alaben arteko ispilu jokoa, gorroto-amodio bikote harremana—. Horren aurrean, trenaren eta gazteen ingurukoek sotiltasun falta dute —gaztetxeen kriminalizazio moduko bat ere ez da falta—, eta azpitrama batzuekdirua, haurdunaldia... zamatuko dute azken emaitza.

Hala ere, Patricia Lopez Arnaiz eta Mikel Losadaren lan bikainaren ezinbesteko laguntzaz, guztiz gozagarri gertatzen da Ane-ren histasun errealista.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.