Literatura

'ERRULETAZALEA'. Biharrik gabeko ametsa

Bixente Serrano Izko.
2012ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Egilea: Mircea Cartarescu.

Itzultzailea: Joxemari Sestorain.

Argitaletxea: Denonartean.

Errumaniako literaturaz ari, bi izen handi etortzen zaizkigu burura, gaur egun kultuko halako sortzaile ikusten ditugunak: Tristan Tzara eta Eugene Ionesco. Biek ala biek, zein bere generoan, mundu oniriko izugarri iradokitzaile eta artegagarri batean sartu gintuzten. Gaur egun, Mircea Cartarescu ez doakie atzetik: amesgaiztoa, artegatasuna, muturreko absurdoaren zentzugabekeria…, bizitzaren osagai, eta ez muturrekoak, funtsezkoak agian. Elioten lerro birekin hasten da ipuin hau, eta lerro berberekin bukatu epitafio gisa: «[…] kontsolamendua laurogei / urte izanik biharrik ez duen agure bati». Idazle zahar bat dugu narratzailea, erruleta errusiarreko azken balaren zain, eta irrikan agian, dagoena.

Mircea Cartarescu poeta, narraziogile, teorialari eta kritikari literario dugu, gaurko errumanierazko letretan prestigio handienekoa eta ezagunena mendebaldeko bertze hizkuntzetan: harekin amesten omen dute lehen Nobel saria lortzekotan. Moderniaosteko gailurtzat, bai bere ideietan bai bere sormen lanetan, jotzen dute. Gaurko ipuin hau, Denonartean etxeak lan labur eta esanguratsuak euskarara ekartzeko egin duen apustuaren bertze ale bat, egilearen ipuin bilduma baten parte da, hitzaurreko gisa jarri zuena. Bildumaren izenburua: Ametsa, hain zuzen. Eta, izan ere, Erruletazalea gaurko honek bitxiki idarokitzen du badagoela errealitateari erreferentzia egiterik amets(gaizto)en bidez. Cortazar, Kafka, Borges, Kundera… aipatzen dituzte kritikariek gure egilea nonbait kokatzeko orduan, eta bai, horrela ikus daiteke lagin honetan, ahaztu gabe, dena dela, nire ustez, hasieran aipaturiko errumanierazko bertze mugarri haietaz.

Narratzaileak erruleta errusiarraren jokalari baten bizitza profesionala kontatzen digu. Bizitza osoan, txikitatik, apustuzale eta beti galtzaile ibili den baten esperientzia. Erruletan bakarrik ateratzen hasi da garaile behin eta berriz, baina galtzaile gisa bukatzen du saio bakoitza, lurrean zerraldo eroria, errebolberreko balak buruan jo ez izanak partida galtzea suposatuko balio bezala: «Bere buruaren aurka egiten zuen apustu Erruletazaleak». Bistan dena, zorte txarrekoa ere joko honetan. Horrelako apustuetako enpresari baten morroi hasi da lanean, soto ilunetan antolaturiko ikuskizunetan bere bizitza arriskuan jarriz: ikusleak, apustulari. Probatik bizirik ateratzen bada, ikusleak galtzaile, enpresaria irabazle: bera, komisio baten saridun. Autonomo bihurtuko da gero: bera enpresari eta jokalari. Hain zorte txarrekoa izanik betidanik, laster bihurtuko da Erruletazale, letra larriz, bertze jokalari guztietan antonomasiazkoa. Gero, ez ditu apustuak onartuko, ikusleak ikusle huts izanen dira, sarrera baten erosle huts: bere hil ala biziko jokoa, ikuskizun huts. Eta hirugarren fase batean ere sartuko da: proba gero eta morbosoagoak, danborrean bala bakarrarekin ez, birekin, eta hirurekin, eta…

Narratzailea, idazle den agurea, fase guztietan egon da apustulari/ikusle…, horrelako bizizale. Mundu horretan harrapaturik, bizitzan bertan denok harrapaturik gauden bezala: zorte kontua den bizitzan, hil ala biziko txandak gero eta ataka estuagokoak direneko bizitzan. Ipuin hau narratzailearen azken idazkia da, idazlearen errebolberrak danborreko zulo guztiak beteak ditueneko unea da: bizitza osoan literatura idatzi ondoren, azken honetan «lerro hauek idatzi arren, ez ditut literaturatzat hartzen», «Herio dut irakurle bakar», «orriotan datza betierekotasunerako nire proiektua».Finean, biharrik ez dagoenetik ametsetan hasten den betierekotasuna?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.