'Magma'
Koreografia eta dantzariak: Marie-Agnes Gillot eta Andres Marin. Zuzendaritza artistikoa, eszenografia eta jantziak: Christian Rizzo. Musika: Didier Ambact, Bruno Chevillon, Vanessa Court. Argiak: Caty Olive. Lekua: Miarritzeko Gare du Midi antzokia. Eguna: Irailak 16.
Hasiera batean Oteizaren ildokoak iruditu zaizkigu eszenaren erdian egon diren hiru laukizuzen bertikal luzeek, eta haren klarion-lanen estiloa gogoratu digute albo batean etzanda zeuden egitura horizontalek. Azken horien gainean kokatu dira bi musikariak, bat kontrabaxuarekin eta bestea bateriarekin, eta beraien zein Vanessa Courten sormenari zor zaio emanaldia bideratu duen soinu-banda ia abstraktua.
Abstrakzioaren bidetik ere ibili dira Marie-Agnes Gillot frantziarra eta Andres Marin espainiarra, Gilloten heziketa klasikoa eta praktika garaikidea eta Marinen flamenko eboluzionatua elkartu nahian. Elkarri botatako erronka estetikoaren katalizatzailea Christian Rizzo Montpellierko Zentro Koreografikoko zuzendaria izan da, eta lan prozesuan zehar bakoitza bestearen estilo eta sustraietara hurbildu da, norberaren dantza-eremua zabaldu nahian baina erabateko fusio orori uko eginez.
Emanaldiaren lehen eszenan burutik oin puntetaraino artilez estalia zebilen izaki batek hartu du protagonismoa Lantzeko ihauterietatik irtendako izaki bat zirudien, eta luzea bezain ulergaitza egin zaigu bere agerraldia. Horren ostean, ordea, Gillot agertu da, maukarik gabeko jaka eta praka beltzak jantzita, eta bere mugimendu geldo baina definituetan flamenkoaren jarrera ezagungarriak irudikatu ditu. Bitartean, musikariek kutsu onirikoko soinu elektroniko eraldatuak interpretatzen zituzten, eta hori-berdexkako argien aldaketek -haiek izan dira benetako artelana muturreko giro intelektuala sortu dute eta emanaldi guztiz kontzeptual baten aurrean geundela transmititu digute.
Gilloten janzkera berberarekin agertu da Marin gero, horrela ezabatuz gizon-emakumearen ohiko paradigma, eta artista biekin izandako lehen pasarte horretan gauzatu da hobekien elkarri botatako erronka estetikoa: pauso dantzatu horietan lurretik ibili dira biak gehienbat, elkarren bila baleude bezala eta elkarri proposatuz haietariko bakoitzaren eremuko figurak eta jarrerak. Marin bakarrik geratu denean flamenkoa nagusitu da, noski, bere presentzia formal eta kementsuarekin, une oro perkusio abstraktuak lagunduta, eta oparitu digun zapateatu bikainean musika sortu da oinen punta eta takoietatik, eta bateria laguntzaile rolean geratu da.
Tarteko eszena batzuetan hiru egitura bertikalen artean agertu eta desagertu dira bi dantzariak beren pasealdi pausatuetan, eta orduan gogoratu gara Richard Serraren labirinto metalikoekin. Gilloten aldietan, ordea, hankak eta besoak izan dira bere dotoreziaren adierazle, eta haiekin trazatutako lerroek Alwin Nikolaisen aroa gogoratu digute, baina Marinekin konparatuz gero, era libreagoan jardun du, betiere lerro geometrikoak bilatzeak dakartzan mugetan.
Dena den, une batetik aurrera agortuta geratu da proposamena, eta hasierako izaki misteriotsua berriz agertzeak orain bi izan dira abstrakzioaren araztasuna hautsi eta plano figuratibora ekarri gaitu ezinbestean. Horren ondorioz,ikusleen txaloek ez dute entusiasmorik erakutsi, eta artistak nekez agertu dira bitan agurtzera.