Mivhel Camilo eta Giovanni Hidalgo / Ruben Blades eta Roberto Delgadoren orkestra
Lekua: Mendizorrotzako kiroldegia. Eguna: uztailak 15.
Ostiral gaua musikari latinoei eskaini zien Gasteizko Jazz Jaialdiak. Jazz latinoaren esparrua kubatar musikariei oso lotuta egon arren, agertokira igo zirenak beste herrialdeetakoak ziren: dominikarra, puertorricarra, estatubatuarra eta panamarrak.
Fernando Truebaren Calle 54 filmari esker izan nuen nik Michel Camiloren berri duela hamaika urte. Orduko hartan, From Within pieza zoragarria egin zuen dominikarrak, ondoan Anthony Jackson baxu jotzaile estatubatuarra zuela, ostiraleko gauean Mendizorrotzan berarekin egon zen musikari bera. Hirukotea Giovanni Hidalgo perkusionistak osatu zuen. Saioaren ardatza Camiloren azken diskoan (Mano a mano) entzun daitezkeen piezak ziren, eta CDaren orden berean interpretatu zituzten, aldaketa gutxirekin eta, zuzeneko emanaldi bati dagokionez, inprobisaziorako tarte zabalak eskainiz. Pianistak berehala erakarri zuen ikusleen arreta, teklak sakatzeko lanean erakusten duen bizitasunagatik eta sentikortasunagatik. Birtuoso hutsa da, eta jendeak horrelako artisten lana biziki estimatzen du. Hidalgo ez zen atzean geratu ,eta ondo frogatu zuen zergatik den tinbalen maisu nagusietakoa. Oso elkarrizketa interesgarriak landu zituzten pianoaren eta perkusioaren artean kontzertuaren azkenetan. Rumba Pa'Ti eta Rice and Beans dira entzuleen txalo gehien jaso zituzten lanak, biak oso biziak eta Michelen dohainak erakusteko aproposak, baina baladetan ere erakustaldi bikaina egin zuen, horren erakusgarri Entonces y Ahora pieza ederra.
Ruben Blades eta Roberto Delgadoren orkestra taularatu ziren bigarren kontzerturako. Kantaria agertu bezain laster, ikusle asko agertokitik hurbilago egoteko pasilloetara jaitsi ziren, saltsaren erritmoan dantzatzeko. Begi bistakoa zen jatorriz hegoamerikar eta karibetar asko etorriak zirela kontzertu honetara. Bladesen abestiek kutsu didaktiko handia daukate eta gizartearen arazoak azaltzeko erabiltzen ditu: immigrazioa, drogak, bikoteen banaketa, heriotza eta abar. Istorio eta txiste kontalari trebea da eta piezen artean hitz eta pitz aritu zen, giroa alaituz. Orkestra bigarren plano batean geratu zen ia kontzertu osoan, abestiaren mezua azpimarratuz eta inolako protagonismorik bereganatu gabe. Salbuespenak tronboiak eta tronpetak eginiko elkarrizketa laburra eta Hidalgo gehitu zitzaienekoa, erritmoa azkartuz eta saioari freskotasuna emanez. Plástico, Las Calles eta Ojos de Perro Azul (Gabriel Garcia Marquezen ipuin batean oinarrituta) ziren jorratu zituzten abestietako batzuk, baina, zalantzarik gabe, apoteosia Pedro Navaja kantuarekin iritsi zen, Panamako Turismo Ministroa izen zen musikari honen lanik ezagunena baita. Jazz gutxi eta saltsa asko Ruben Bladesen 63. urtebetetzea ospatzeko. Tarta eta kandela atera zizkioten eta Zorionak zuri abestu genion bertaratu ginenok.
Kritika. Gasteizko 35. Jazz Jaialdia
Erritmo latinoen txanda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu