'Oihal-tartekia'
Non:Lataller.com webgunean.Artista: Gabriela Kraviez.
Errepikapen tekniko eta kontzeptualean oinarritutako lan egiteko moduaren isla dira Gabriela Kraviez artistaren sorkuntza lanak, funtzionalitatearen eta dekoratiboaren arteko tartean definitzeke dabiltzanak Bilboko La Tallerrek proposatutako Oihal-tartekia erakusketa offline-an; Kraviezen oihal eta paper gaineko lan batzuk aurkezten dira, 2016. urteko Théâtre du Temps erakusketarekin harremana dutenak. Proposamen honen helburua La Tallerreko erakusketa aretoa fisikoki etxera gerturatzea da, eta, horretarako, eskalan egindako erakusketa espazioaren berreraikitze ebakigarri bat eskuragarri ipini dute, deskargatu eta paperezko erakusketa norberak muntatu eta osatzeko. Erakusketaren muntaketa egiteko, artistak proposatutako eredua erabil daiteke, edo, artelanen artean bestelako loturak ezarriz eta kokapenarekin jolastuz, muntaketa desberdina egin.
Kraviezen lanak tarteko espazioetako ezegonkortasunean arakatzen du, tarteko zirrikituak diren irekiguneetan, alegia. Irekigune hauetan zehar ibiltzeko, bereziki, ehunaz baliatzen da, korapilatze eta elkar lotze sinbolikoaren bidez bitasunean oinarritutako kategorien arteko mugak uxatu nahian. Modu honetara, barnealdea eta kanpoaldea, existentzia eta existentziarik eza, forma eta kontzeptua, funtzionala eta dekoratiboa, legezko kontzeptu eta definizio bitarren arteko loturak ehuntzeko saiakeran dihardu artistak. Aipatzekoa da ehunaren erabilpena arkitekturarekin, testuarekin eta gorputzarekin historikoki izan duen loturak baldintzatu duela. Halaber, Kraviezen jarrera estetiko eta poetikoaren garapenean erabilitako baliabideen alderdi ekonomikoak ere eragina izan duela kontuan hartu beharra dago. Hortaz, material eta teknika jakin hauei erreparatzea garrantzitsua izan daiteke, artista honen lanean materialek esanahia izan dezaketelako, adierazpide izateaz aparte.
Testuinguru honetan, ehuna, muga ikusezin eta tarte huts horren sinbolo bihurtzeaz gain, egitura abstraktuen irudi fisiko moduan erabiltzen du artistak; ehun politikoa, geografikoa, kulturala eta estetikoa. Ehun egitura hauen barruan, aldiz, hitzak agertzen dira, esanahia dutenak edo jada esanahia galdutakoak, zeinuak eta karkasa hutsak, alegia.
Erakusketa proposamen honetarako eskuragarri dauden artelanen artean, Consolación con sol oihal gaineko estanpazioak aurkitzen ditugu, bata bestearen alboan pareta zuriaren erdialdean kokatuko liratekeenak. Théatre du temps erakusketan bezala, hitz grafikoek berebiziko presentzia bereganatzen dute; consolación, ilusión berbekin batera, paper gaineko Violence graphique lanetan deszifratzen zailak diren hitzak antzeman daitezke, ikatz ziriaren bitartez agertutako formen artean ezkutatzen direnak. Artistaren ustez, berba hauek gizaki lez amankomunean ditugun beharrizanen berri ematen dute, aurretik aipatutako botere egiturei men egitera bideratzen gaituzten kontrol politikorako tresnak ere badirenak.
Bestetik, frotagge teknika bitarteko izenburu bako lanak ere ikus daitezke, tamaina handiagokoak direnak. Proposaturiko muntaketaren arabera, lan horietako bakoitzak pareta oso bat okupatu beharko luke. Hala ere, erabiltzaileak edo erakusketarekin jolasteko aukera duen subjektuak beste kokapen batzuetan koka ditzake artelanak, potentzialki behintzat.
Kraviezek egunerokoaren teatrotik bereganatutako material eta ideiak agertzen ditu erakusketaren eszenan. Espazio honetako narrazioa bertako objektuek eta horien disposizioek osatzen dute, interpretatzaile behin-behinekoen esperoan direnek. Alabaina, momentuz, interpretatzaileek bestaldetik, paperezko formatu inprimatu edo irudi digitalen bitartez antzeman beharko dituzte. Beraz, material eta teknika ezberdinen ehundura, izurdura, forma, erritmo edo tonalitate aldaerek, besteak beste, iradokitzen duten hori erakusketaren eszenografiatik at, egunerokoan irekitzen diren bestelako denborazkotasun eta espazio eszenetan igarri beharko dira.
KRITIKA. Artea
Errezelaren bestaldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu