Literatura. 'Joana Maiz'

Erresistentzia aldarri

Gidoia: Yurre Ugarte. Irudiak: Joseba Larretxe. Argitaletxea: Harriet.

Irati Majuelo.
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Harriet editorialak udazkenerako aurkeztutako nobedade sortaren lagintzat har dezakegu Joana Maiz. Lehen begiratuan, komikiaren argumentuak nahiko sinplea irudi dezake: castingez arduratzen den emakume gazte bati dokumental bat zuzentzeko aukera emanen diote lehen aldiz, jatorrizko egilea hil delako, baina haren seme diruzaleari aurre egin beharko dio, egiletza bere izenean jarri nahi baitu. Era berean, Joanak castingean alboratutako pertsonaiekin osatu nahiko du lana, tartean, etxetik bota nahi duten andre aguretuarekin.

Hala ere, istorio horretan gaurkotasun handiko beste zenbait gai gurutzatzen dira, eta horiek dira komikiari balio erantsia ematen diotenak. Alde batetik, agerikoa da mundu zaharraren eta berriaren arteko talka, nahiko era dikotomiko eta sinbolikoan adierazten dena: baserria/kaleko etxea, lizarra/makina hondeatzailea, emakume edadetua/gaztaroan ainguratutako semea. Gatazkaren amaiera ere bi bandoren arteko konfrontazioarekin adierazten da: herritarren eta Ertzaintzaren arteko borrokarekin, alegia.

Artearen merkantilizazioak eta egiletzaren auziak ere badute lekurik komikian. Baina interes gehiago dauka, akaso, gurean behin baino gehiagotan errepikatu den gaiak, honako honetan perspektiba zintzoago batetik kontatu denak: kanpotarren begiek Euskal Herriaren idealizazio exotikoa egiteko duten joera, eta euskaldunok gure burua munduan era horretan saltzeko dugun inertzia. Dokumentalaren jatorrizko gidoigile eta zuzendaria euskaldun batekin ezkondutako gizon ingelesa da, Euskal Herriko topikoekin osatutako historia pantailaratu nahi duena. Idealizazio horren historia gizon ausart, borrokalari eta inportanteek osatzen dute, noski. Joanaren laguntzaile Maiderren esanetan, «gizonkote abenturazaleen genealogia» osatzen dutenak.

Finean, komikiaren muinean dagoen gaia da nola egin ihes kanpoko begirada horren aita pontekotzari eta nola egin aurre «gizon handien» idealizazio horri bestelako errealitate batzuei ahotsa emanez. Ez da kasualitatea lan honetan agertzen diren emakumezko pertsonaia guztiek indarra eta erresistentzia izatea beren ezaugarri behinenak. Komikiaren protagonista diren bi antiheroiak bizitzako une erabakigarrietan daude: Joana lehen aldiz proiektu propio bat sortzeko ausardia biltzen ari da, eta Lauren bere amaren etxea edozeren gainetik defendatzeko prest dago. Hirugarren pertsonaiak ere, Maiderrek, ziurtasuna eta ekiteko grina transmititzen dio etengabe Joanari, bere kontzientzia gorpuzten duen pertsonaia bailitzan. Asko dute emakumezko pertsonaiek erresilientziatik: guztiz hautsi gabe erresistitzeko ahalmena, jatorrizko egoerara indarberrituta itzuliz.

Ezin da gauza bera esan gizonezko pertsonaiez, diruzaletasunak, egozentrismoak eta harrokeriak definitzen baititu oro har. Egia da orokorrean pertsonaiak nahiko lauak suertatzen direla, ezaugarri bakar batek definitzen baititu orokorrean, eta horrek lanaren osotasunari kalte egiten dio, pertsonaien ñabardurak eta kontraesanak ezabatzen baititu. Hala ere, eskertzekoa da komikira emakumezko pertsonaia ausart eta indartsuak ekartzea, azken buruan, Joana Maiz-ek erresistentzia baitu aldarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.