KRITIKA. Musika

Erregistro ugariko festibala

2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun

Basauriko MAZ jaialdia

Egitaraua: Full Cab, Zahara, Enric Montefusco, Nacho Vegas. Lekua: Basauriko Social antzokia (Bizkaia). Eguna: Azaroaren 11 eta 12a.

Izurriak eragindako ezeztapenak gorabehera, bere sortze urtetik hamar edizio bete ditu Basauriko MAZ festibalak indie-rockaren erakustoki gisa. Aurten ere, Basauriko Udalak bultzaturiko jaialdiak ohiko egiturari eutsi dio: Social antzokian sona handiko taldeak programatu ditu eta, San Migel plazan, suspertzen ari diren tokiko taldeak izan dira ikusgai, doan. Asteburu bakarrera mugatu den edizio honetan, Zaharak eta Nacho Vegasek bereganatu dute arretarik handiena.

Ostiral iluntzean hasi zen Basauriko MAZ, Full Cab taldearen emanaldiarekin. 2021eko Rockein lehiaketako garaileek beren rock estiloa ekarri zuten oholtza gainera. The Strokes eta beste hainbat talde anglosaxoiren uberan, doinu bizi eta elektrikoak aldizka hitz esanaren kantaerarekin uztartu zituzten bizkaitarrek. Ondoren programatuta zegoen techno jaiaren aitzin-beroketa aproposa zen.

Gitarren distortsiotik atez, ispiluz eta teklatuz jositako eszenatoki aldaketaren lekuko izan ziren 600 ikusle pasatxo. Lehen doinuetatik abiatuta, Zahara artistak rave techno eta elektronikoko saio baterako gonbita egin zuen: Berlineko gune underground eta ozenetara bidaia zen hura. Gitarra kolpez eta sintetizadorez osaturiko El deshielo, musika elektronikoaren domeinura ekarritako Joker kanta eta, festa erabat leher zedin, Berlin U5 kantuaren moldaketa izan ziren taldearen indargune nagusiak, dantzariz eta efektu grafikoz mukuru zegoen oholtzan.

Larunbateko kontzertu sortak beste bi izen handi zekartzan. Enric Montefuscoren rock alternatiboak ireki zuen Social antzokiko teloia. Meridiana (2016) eta Diagonal (2019) azken bi diskoen lagin zabala osatu zuen talde katalanak, bira amaierako kontzertua zen horretan. Manouche estilotik gertu, zenbait kantu-panfleto eta haize tresnek nabarmen onduriko abestiak eskaini bazituen ere, ikusleak ez zituen guztiz bere unibertsoaren baitara bildu.

Enric Montefuscoren ondoren, Nacho Vegasek hartu zuen jaialdia ixteko lekukoa. Konpositore eta abeslari asturiarra buru duen seikoteak ñabardura askoko erakustaldia sinatu zuen, egongelako testuinguru intimoa lortzeraino. Mundos inmóviles derrumbándose (2022) diskotik ateratako zenbait kantu aletu zituzten arren, banjoarekin ondutako Ciudad Vampira, Cómo hacer crac eta La pena o la nada kantuekin nozitu zuten publikoaren berotasuna. Gaua biribiltzeko, klasiko bilakatu diren El Ángel Simón eta Michi Panero bisak aditu ziren antzokian.

Mila lagunetik gora bildu zituzten Social antzokiko emanaldiez gain, tokiko taldeekin bat egin zuen kaleko egitarauak. Larunbat arratsaldean, Julen Burgos, Deñe, Kurixe eta Basurita taldeek jo zuten San Migel auzunean. Bestalde, gaztetxoenentzako kontzertu eta ikuskizunak antolatu ziren Txiki MAZ kaleko programaren barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.