Musika Musica jaialdia
Antolatzailea: Bilbao 700 Fundazioa. Non: Euskalduna jauregia, Bilbo. Noiz: Martxoak 1, 2, 3 eta 4.Zalantzarik gabe, urteen eta ahaleginaren poderioz, musika klasikoaren arloan nazioarteko erreferentzia ari da bihurtzen Bilboko Musika Musica jaialdia. Horren adibide dira: 30.000 pertsona baino gehiago bertaratu izana; ekarritako orkestren eta jotzaileen kalitatea (1.500 musikari profesional eta ikasle gazte jardun dira); eta burututako ekitaldiak (70 kontzertu eta aparteko 30 ekitaldi, tartean, musikariekin topaketak, adituen mahai-inguruak eta hitzaldiak).
Zaleen artean sortutako topaketak batu behar zaizkio horri guztiari, haien iruzkinek eta kritikek Euskalduna jauregia bete egin baitzuten lau egunetan. Zein da jaialdiaren arrakastaren gakoa? Hasteko, musika klasikoaren demokratizazioa: izan ere, 4 eta 12 euro arteko sarrerek milaka zale erakarri dituzte goi mailako orkestrak, musikariak eta abeslariak bertatik-bertara entzutera eta haiekin harremana izatera. Horrez gain, nabarmentzekoa da antolakuntzaren trebetasuna. Asmatu dute musika-zikloak osatzen; nazioarteko profesionalak erakartzen; halako egitasmoak dakarren nahaspila backstage-an kudeatzen; finantzaketan; eta aurreko urteetan egondako hutsuneak edo hanka-sartzeak zuzentzen.
Aurten, gerra handien artean sortutako konposizioak izan dira ardatz. Konposizio batzuk ezagunak ziren; beste batzuk, aldiz, ez horrenbeste publiko zabalarentzat. Asmatu da horrekin ere. Izan ere, Shostakovitx eta Sibelius handien ondoan, gure Ravel edo Guridiren lanak entzuteko aukera izan da. Eta Galiziako nahiz San Petersburgoko orkestra handien artean, maila eman zuten BOSek nahiz EOSek ere. Donostiako Easo abesbatzak, Bilboko Koralak eta hainbat euskal bakarlarik ere hartu zuten parte jaialdian —bakarrik edo ganbera formatuan, horien artean Bilboko Udal Txistularien Bandak—. Musikari gazteen alorrean, berriz, 21 kontserbatoriok —Euskal Herritik nahiz estatutik etorritakoak— erakutsi zuten nolako prestakuntza duten.
Maratoiari hasiera emateko, etxeko orkestra sinfonikoak, Donostiako Easo abesbatzak eta Bilboko Koralak bete zuten auditorium nagusia ostegun iluntzean. Bilboko musikariek ederki azaleratu zuten Jean Sibelius suomitarrak gaztaroan asmatutako Kulervo poema sinfonikoa, Finlandiako Kalevala edo kontakizun mitologikoan oinarritutakoa. Horretarako, Erik Nielsen zuzendariak modu egokian uztartu zituen gizonezkoen bi koralak. Edertasunez haizeratu zituzten konpositoreak jarritako erromantizismo ilun eta, batzuetan, folklorikoaren edukia. Johanna Rusanen soprano dramatiko suomitarrak zuzen ahoskatu zuen testua eta, bolumen handiko ahotsarekin, vibratoak eta fraseoak egoki egin zituen. Kevin Greelawek, berriz, baritono lanetan, tinbre polita eman arren, bolumen erdiko proiekzioa eskaini zuen.
Jaialdiko izar moduan aurkeztu zuten, ostiralean, San Petersburgoko Orkestra Sinfonikoa, Dmitri Shostakovitxen 7. Sinfonia interpretatzeko. Alemaniako Armadak Leningradeko hiria setiatuta zuen musikagileak sinfonia konposatu zuenean. Alexander Dmitrief zuzendariak zazpi urterekin bizi izan zuen triskantza hura. Nahiz eta hotz samar hasi lehenengo mugimenduan, laster harritu gintuen partituraren garraztasuna interpretatzeko eta gerra guztien biktimenganako errukitasuna adierazteko orkestrak ateratako indarrak, baita harizko eta metalezko taldeen poderioak ere.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren txanda izan zen larunbat goizean. Sibelius eta Shostakovitxen bi lan laburrago eskaini zituen orkestrak: 5. Sinfonia eta 9. Sinfonia. Ederra izan zen Robert Treviñoren aginduetara erakutsitako interpretazio koloretsua eta taldeen arteko oreka, dinamikak eta fraseoak. Publikoaren onarpena jaso zuen.
Igande iluntzean, jaialdiaren azkenetan, beste orkestra handi bat izan zen entzungai: Galiziako Orkestra Sinfonikoa, Andrew Litton zuzendari zuela. Bilboko Koral mistoaren laguntza izan zuen hark; Ainhoa Zubillaga aritu zen mezzo moduan; eta Serge Prokofiefen Alexander Nevski kantata handia eskaini zuten. Hasieratik frogatu zituzten beren kalitatea eta gaitasun tinbrikoa, besteak beste, erasotzaile teutoien metal disonanteetan, nahiz Bilboko Koralarekin batera eder abestutako Errusiako herriaren garaipen kantuetan. Zubillaga mezzoak, tinbre ilun politarekin, vibrato eta fraseo egoki eta garbiekin abestu zuen herriaren hileta kantu laburra.