KRITIKA. Artea

Errealitatearen aldiriak

Hilaren 15era arte egongo da ikusgai erakusketa Bilboko Okelan. DAVID HORNBACK.
2016ko abenduaren 6a
00:00
Entzun

'Testuinguruak'

Lekua: Okela sormen lantegia. Bilbo. Noiz arte: Abenduaren 15era arte.

Orain dela urte batzuk, ziur bere ametsik fantastikoenetan ere ez zukeela amestuko Bilboko San Frantzisko kaleko 11. zenbakian kokaturiko harakinak bere familia negozio txikia Euskal Herriko arte garaikide gaztearen topagune eta erakusleiho bilakatuko zenik, frigorifikoek erakustareto funtzioak hartuta. Haren oroigarri, espazioaren izena: Okela.

Besteak beste, Euskal Herriko artisten saretze prozesu bat bultzatzeko nahiarekin sortu zen, arreta, batez ere, artista gazteenengan ipiniz, eta ildo horretakoa da honako erakusketa hau ere: Testuingurua.

Testuinguruaz hitz egiten dugunean, normalean gertaera jakin bat inguratzen duten denbora-espazioei dagozkien baldintza eta ezaugarriez ari gara. Testuingurua ez da gertaera zentralez ari inoiz, eta bigarren mailako kontsiderazioa duen eta gertaera zentral hori inguratzen duena da sarri. Era berean, ordea, behar-beharrezkoa da gertaera zentrala bere osotasunean ulertzeko. Hori dugu erakusketara hurbiltzeko lehenengo pista, titulua.

Harrera, Irati Inorizaren bi proiekzio esanguratsuk egiten dute. Lengoaiaz hitz egiten digute biek, irudi eta hitzen transmisioaz. Modu estrategiko interesgarriz, biak aurrez aurre jarrita. Lehenengoan, eskuinetara, Word orrialde bat ikus daiteke. Garrantzitsuena, ordea, ez da hor idatzita dagoenaren edukia bera, baizik eta edukiaren nolakotasuna eta horrek jasandako interpretazio prozesu ezberdinak direla-eta testuak pairatutako transformazio eta metamorfosiak; alegia, testu hori, eskuz esku edo begiz begi pasatutakoan, norbanako bakoitzaren testuinguruak testuaren interpretazioan eragindako aldaketak. Bestean, Olinpiar Jokoen Ekialde Hurbileko transmisioan oinarritutako irudiak ageri dira, haietan gorputzen formak irudi geometriko luze eta beltzez estalirik agertzen direlarik. Gorputza estalirik, ordea, akrobazietan geure Mendebaldeko begirada gorputzen itzulinguruetara zuzentzen bada, mugimendu zentraletara alegia, irudi geometriko horien gainjartzearekin, begiradek beste noranzko bat hartzen dute. Eta nahiz eta jarduera bera behatzen egon, begiradak bestela oharkabean pasatzen diren xehetasun txikietan erreparatzen du: oinen tentsio eta eskuen mugimenduetan.

Gorputza proiektorearen aurretik igaro, eta forma geometrikoen gainetik beste itzal biomorfoak sortzen ditugularik, mezuen eta irudien gainean gure presentziak sortzen duen eraldaketa prozesuarekiko kontzientzia areagotzea lortzeko gaitasuna du instalazioak.

Hurrengo aretoan, bi pantailetan bideo bana, soinurik gabeak. Julen Garciak gizakion presentzia eta portaeraren behaketa proposatzen du, geure keinu, ohitura eta izatearenak, geure gorputzarena berarena. Bietan interesgarriena lehena: gure pertzepzioekiko joko bat da igartzen dena, begiekin ikusten dugunaren egiantzekotasunarekiko jokoa. Bideoaren irudiei jarraituaz, badirudi giza gorputz batean zehar bidaiatzen duela kamerak, tatuaje beltz ezberdinak deskubrituz banan-banan... halako batean, ordea, kamera azaletik urruntzen da, eta argazki baten grabaketaren aurrean dagoela ohartarazten da ikuslea. Egiantzekotasunaren eta fikzioaren arteko mugen jolasa da, geure ingurunearekiko hurbilketa fisiko hutsen hausnarketa.

Erakusketa ixten duen azken pieza Andrekale da, Sra. Polaroiska kolektiboaren bideo lanaren kanal bakarreko bertsioa. Pertsonaia mitologikoen bidez, agian asmatuak izan direnak, edo agian benetakoak izanak baina memorian ahaztuak, Hernanin Andrekale esaten dioten kalearen genealogia sortu du bikoteak. Hiru mito, edo hobeto esanda, hiru pertsonaia mitologikoren errepresentazioa da agertzen dena gorpuzte ezberdinen bidez. Hiru izaera ezberdin dira, borrokalaria, aldarrikatzailea eta nomada, sua, lurra eta haizea bezala, ezinbesteko elementuak, bata bestea gabe ulergaitzak, hirurak, Andrekaleren inguruan bildutako emakumeetan islatutakoak. Erabat hipnotizatzen duten irudiak dira bideoan bata bestearen atzetik ageri direnak, kemena, inkonformismoa, irri egitea eta kezka bezalako sentsazio eta sentipenak transmitituz, eta, mugimenduan jarraitzen duten dantzarien oinen erritmoarekin batera, genealogia posible honen egungo irakurketa egiten dutenak.

Erakusketak hiru hurbilketa ezberdin proposatzen ditu testuinguru ezberdinetara, hiru metodo ezberdin, testuinguru ezberdinak ulertzeko baliagarriak izan daitezkeenak. Gure inguruan dugunarekiko bestelako begirada izateko nozioak emanaz, orain arte, igual, gure arretarik izan ez duten gauzei begiratzeko aukera emanaz, txikikeriak diruditenak, gertakari handien parera egokituta agertuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.