KRITIKA. Antzerkia

Eromena eromen

Agus Perez.
2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun

'Haykio'

Konpainia: Eromen produkzioak. Zuzendaritza: Amancay Gaztañaga. Lekua: Zestoako Caravan Park pabiloian (Gipuzkoa).Eguna: ekainaren 25a.

Emanaldi berezi batekin ospatu du Zestoako Eromen konpainiak bere hamargarren urtemuga, urteroko Zestoako Antzerki Astearen (ZAA!) barruan.

Iaz bezala, geltoki zaharraren ondoko Caravan Park pabiloian izango dira aste osoko emanaldi gehienak —Inork espero ez duena izan ezik, haurrek antzeztutakoa—; han hasi da Haykio izeneko emanaldia. Antzeko grafia erabiliz, haikyo japonierako hitza hondakinetako turismoaren joera berria definitzeko erabiltzen omen da; horregatik aipatu dizkigute emanaldiaren une batean edo bestean Txernobylen eta gure garaiko beste hondamendi-leku batzuetan egiten diren bisita turistiko klandestinoak.

Izan ere, Zestoa iraganeko distiraren lekuko diren bainuetxe dotore baina abandonatuez josita dago. Leku bikaina, gero, haikyo turismoa egiteko, baina ez dezagun eman ideia suntsitzailerik, mesedez. Kontua da oso leku aproposa iruditu zaidala oraindik CestonaVilla (Zestoa Hiribildua) dakarren geltoki zaharra Haykio honi hasiera emateko, han hasi baita gure ibilbidea, antzezleak eta ikusleok autokar dotore batera igo ostean. Berrehun bat metro baino ez du egin ibilgailuak, baina bitartean antzezpena hasia zen bai barruan bai kanpoan, ke horiko zuziekin errezibitu gaituztelako maskara jantzita zeramaten zenbait pertsonaia misteriotsuk, laminak balira bezala.

Pabiloiko espazioa gune diferentetan banatua zegoen, eta haietariko bakoitzean eszena erdi surrealista erdi probokatzaile batzuk gertatu dira: beltzez jantzitako izaki hegodunak artega eragin digu bere presentzia eta keinu kementsuekin, bainuontzi batean bizi zen neska dotoreak loreak banatu ditu, baina bere sakoneko nahia bere burua lohitzea zela aitortu digu, eta pole-dance-ko neskak berarekin dantzatzera gonbidatu gaitu, ezpata handia zeukan jainkosa baten begiradapean.

Gune horietatik eszena nagusira igaro gara, eta han Peter Greenawayren The Belly of an Architect filmeko bakanalaren moduko gertaleku apoteosikoan aurkitu gara. Mahai luze baten gainean fruta, gozoak eta cava zeuden denon eskura, anabasa handian, platano eta sandia azalak behegainetik sakabanatuta, gizonak mozkortuta eta emakumeak lotsagabe. Hor agertu dira, autobuseko satiroaz gain, Kupido altuera batetik, Agamemnon eta Klitemnestra, Frankenstein eta Lady Macbeth, mahai gainean horditurik zegoen Alejandro Handia izan zitekeena eta beste hainbeste pertsonaia —31 antzezle izan dira denera—, eromen betean guztiak.

Azken txanpan, gazteak igo dira banan-banan mahaira, eta handik aurpegiratu dizkigute beren kezkak eta nahiak, txandaka. Sormen kolektiboko emanaldi honen hasieran «burua zabalik» edukitzeko eskatu digute, eta txaloen osteko esker oneko hitzetan Amancay Gaztañagak esan digu ez badugu ezer ulertu, beraiek ere ez dutela ezer ulertzen kultur politikak diseinatzen dituztenek hitz egiten dietenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.