Idazlea: Itxaso Martin.
Argitaletxea: Elkar.
Itxaso Martin donostiarraren lehen eleberria da esku artera iritsi zaigun hau, aurrez ez genion argitaraturik, behintzat, lanik ezagutzen. Bi atal nagusitan banatu du eromenaren pertzepzioaz jardun nahi duen eleberria. Lehenengoa, Martina pertsonaiari bigarren pertsonanzuzentzen zaion narratzaileak gidatutako narrazioa da, bost trantzetan banatua. Ez da kasualitatea izenburuak trantze izena hartzea. Martina sufritzen agertzen zaigu, bere osasun mentalarekin kolokan, edo, hobeto esanda, erotzat hartuko duten beldurrean. Dardara batean bizi den pertsonaia da. Ez zaigu esaten zer den gertatzen zaiona, baina askotarikoak dira jasaten dituenak: kaleari beldurra, ezin bakarrik egona, gorputzari agindua eman arren ezin mugitua, ezin hitz egina, haluzinazioak. Horrez gain, gorputzari min emateko tentaldiak ditu, eta buruaz beste egiteko ideiak. Horrenbeste gauza direla eta, pertsonaia zehaztea eta fokatzea zail gertatzen da, gain informazioagatik. Baliteke manual psikiatrikoren batek araututako jokabidea pausoz pauso jarraitu izana, baina narrazioan gehituz doazen mailek ez dute eskailera zuzenik osatzen. Uste dut idazleak iradoki nahi ziguna gaixotasun diagnostikatuei izan diezaiekegun beldurra dela, eta, aldi berean, erotasun hitzari zaion beldurra, bai eta besteek erotzat hartuko ote gaituzten ikara ere. Gogoeta interesanteak denak, baina pertsonaiak ez dizkigu zeharka baizik transmititzen. Beharbada, transmisioan ondoen asmatzen den unea pertsonaiak ordenagailuan idazten duenekoa da. Ahotsarekin ezin, eta idazkeraren bitartez norbere zalantzen argitzea etorriko den esperantza du.
Tramaren segidak hala eskatuta, psikiatrikoan egon zen bere birramonaren ikerketan barneratzen da Martina, aktiboki, bisitak eginez eta peskizak jarraituz (aipatu aurrekariekin sinesten zail samar izan arren). Liburuaren bigarren zati horrek idazkera joriagoa du, Martinaren birramona izan zenak lehenengo pertsonan bere bizitzaren errepasoa egiten digunean psikiatrikoan zergatik eta nola sartu zuten agertuz. 40ko hamarkada da, eta garai hartan emakume bat psikiatrikoan sartzearen arrazoien atzetik joan nahi du idazleak, nik uste. Zer emakume mota sartzen zuten, eta zer arrazoiri jarraiki? Vera izeneko birramona, eragindako abortu bat zela medio sufrimendu isil batean barneratu eta etxeko lanak eta seme-alaben zaintza bazterturik, bekatari sentituz eta buruaz beste egiten saiatu ostean, zoroetxean sartzen dute. Ereduei jarraitzen ez dieten emakumeak giltzapetzeko modua izan daitekeela iradokitzen da. Atal horren interesa eroetxearen egunerokoaren deskribapenean dago, baita eroaren gain jausten den estigmaren gaineko gogoetan ere, Verak urte luzeetan bisitak ez jasotzearen arrazoiez pentsarazten baitigu. Bi kasuetan espazioa, bi emakumeena, itxiturarena da. Narrazioak erakusten du garai bakoitzean gaixo edo ero deiturikoa nola alda daitekeen, instituzio medikuen diskurtsoek eta jendarteak egin irakurketaren arabera, nahiz ez zaidan iruditu medikuntzaren diagnostikoen aurkako aldarria ere.
Kohesioari dagokionez, bi emakumeen arteko paralelismoa nabarmena izanagatik, bi atalek aldi ezberdinetan idatziak dirudite, eta zatiek ez dute gorputz bakar bat osatzen. Asmoa asmatzen zaio kontakizunari, baina nago pertsonaiei beste modu batean helduz istorio hau hobetuko litzatekeela. Liburuaren kontrazalak dio Itxaso Martin emakumeari eta psikiatriari buruzko doktorego tesia prestatzen ari dela. Harexen zain geratzen gara.
Literatura. 'NI, VERA'
Ero?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu