KRITIKA. Dantza

Erlojuak eta denbora

Agus Perez.
2022ko urriaren 26a
00:00
Entzun

'Otempodiz'

Konpainia: Ertza. Jatorrizko ideia, zuzendaritza eta koreografia: Asier Zabaleta. Hasierako kantaren konposizioa: Asier Zabaleta. Abeslariak: Fenias Nhumaio, Deissane Machava, Asier Zabaleta. Bideo dokumentala: Marian Gerrikabeitia. Dantzariak: Fenias Nhumaio, Deissane Machava. Lekua: Bilboko Campos Eliseos antzokiko Kupula aretoa.Eguna: Urriak 21.

Aukera polita eman digu BAD jaialdiak Mozambiken sortutako dantza garaikidea ezagutzeko, ekitaldi berean izandako egitarau bikoitzari esker.

Asier Zabaletak gidatzen duen Ertza proiektua aspalditik dabil herrialde lusofonoekin kontaktuan, eta horri lotuta gogoratzen dudan azken emaitza Markinan ikusitako Meeting Point izan zen. Pieza hark Espainiako Max sarietako bat irabazi zuen, eta horren harira deitu zioten Zabaletari Mozambiken dantza tailer bat eman zezan. Haren emaitza da orain ikusi dugun Otempodiz (Denborak dio) hau.

Taula gaineko bi dantzariak gris-marroi koloreko prakak eta alkandora jantzita agertu dira, oinutsik biak ala biak, eta, geroago, alkandora zabaldu eta gona moduan utzi dute, gerritik behera eskegita. Lehen pauso lasaiekin batera, a capella abestu dute beren jatorrizko hizkuntzan —txangana— afrikar kutsuko kanta lasai bat, Asier Zabaletaren ahots grabatuarekin batera. Mi ni watchi (Zuek erlojua duzue) deitzen da abestia, aipamena eginez lan honen izenburuari.

Hasiera pausatu horren ostean, mugimendu erritmikoak hasi dira egiten azken belaunaldiko musika elektronikoa lagun, zehaztasun osoz eta akrobazia neurtuak beren hip-hop edo break estiloarekin konbinatzen. Dena neurtua —posible balitz bien kemen izugarria neurtzea—, dena erabateko perfekzioaren barruan, dena helburu baten zerbitzura, dena parametro garaikideetan bilduta.

Hurrengo atalean, duo poetiko ederra osatu dute biek, musika inguratzaile eta malenkoniatsuan bilduta, leuntasuna, barne energia eta aberastasun bisuala barra-barra transmitituz, eta bien gaitasun fisikoa akrobazia geldo harrigarrietan erakutsiz. Beste batzuetan, besoen mugimendu hipnotikoak garatu dituzte agertokitik era konpasatuan ibiltzen ziren bitartean, eta umoreak ere bere tartea eduki du, afrikar estiloko dantza pasarte batekin amaitzeko.

Iraupen ertaineko pieza honetan, agerian geratu zaigu bi kontinenteen arteko elkarlan zintzoak eman dezakeena, eta egitaraua osatzeko proiektatu den dokumentalean sormen prozesuaren baldintza xume-xumeak eta bi dantzarien erroak —haien sendiak eta etxeak— ezagutu ditugu.

Marian Gerrikabeitiaren dokumentalak afrikar aforismo baten izenburua darama: «Zuek erlojuak dituzue. Guk, denbora». Ezin hobeto adierazi bi munduen arteko amildegi mental eta emozionala, eta euskaraz, portugesez zein gaztelaniaz izandako adierazpenetan lehen pertsonan jaso ditugu partaide nagusien bizipenak, nahiak eta itxaropenak. Bereziki interesgarriak iruditu zaizkit Zabaletaren gogoetak gure dantza garaikideak bere zilborrari begira egon izanaren kalteez aritu denean, eta horregatik ere txalotzen dut erraietatik ekinbide eskuzabal eta emankor hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.