Kritika. Musika

Erlijiozko baretasuna

2012ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Das Neue Orchester

Zuzendaria: Christoph Spering. Abesbatzak: Bilbo Koral Elkartea eta Chorus Musicus Köln. Non: Arriaga antzokian (Bilbo). Noiz: martxoak 26.

Aste Sainduko zikloaren gailurra izan da Bilbo Ars Sacrum-ek eskaini digun Johannes Brahms-en Requiem Alemaniarra, eta aldi berean Bilboko Koral Elkartearen 125. urtebetetzea ospatzea izan zuen helburu. Izan ere, Brahmsen lan erlijiozko hau ez da liturgian sartzeko modukoa. Haren ikuspuntua humanista da, Erromantizismoaren garaikoa eta Lutherren ildotik: hilko garenontzako beste bizitza baten kontsolamendu itxaropentsua, sinestunentzat, noski. Baina konpositoreak aukeratu zituen testu literario eta Bibliakoen gainetik musika handia dago, orkestrazio ederra eta gizaki ahotsen pilaketa abailgarria. Eta horretan Christof Spering adituak egin duen hurbilketa historikoak —konpositorearen ideiari, alegia— harritu egin gaitu. Hasiera ponpoxoa alde batera utzita, harizko orkestra txikiarekin eta abesbatzak pianissimoan denbora geldoarekin eraman zuen hasierako «sufritzen ari direnen dohatsutasuna» diskurtsoa, hots, heriotzaren gainean egiten den hausnarketa lasaigarria, infernuaren eta ezerezaren beldurretik at. Baina zuzendaria ez zen kontenplazio horretan ametsetan geratu; gogor astindu zituen erritmoa eta bolumena 2. edo 6. zatietan diskurtsoen arabera «jaunak libre eginak, pozez oihuka etorriko dira Sionera» ala «hildakoak piztuko dira... behin betiko galdu da heriotza»… Hiletazko kantata horretan primeran jo zuen Das Neue Orchestrerekin eta harekin batera Bilboko Koral Elkarteak eraman zuen protagonismoa, Chorus Musicus Köln-en sostenguarekin. Zuzendariaren eskuei jarraituz afinazioaren, ahotsen arteko enpastearen, fraseoaren eta dinamika desberdinen jabeak egin dira hasierako zalantzak kenduta: sendo mezzoak, ausart sopranoak, ziur baritonoak... Nabarmentzekoa da 6. zatiko esfortzua, estilo fugatuan, agudoetan eta fortean. Biribiltzeko, aipatu behar bakarlariek beren zati laburretan egin zuten interpretazio zuzena. Josep-Miquel Ramon baritonoak lerden eta tesitura guztietan erraz eman zuen berea; S. Tzibila sopranoak, bolumen justutxoa izan arren, gustuz eta teknikaz abestu zuen 5.zatia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.