Kritika. Artea

Erlijio oro artea da

Mikel Lertxundi artista, Donostiako Kur galerian ikusgai jarri dituen eskultura batzuekin. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2014ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
'Ikuspuntua eta eskala'

Artista: Mikel Lertxundi.

Non: Donostiako Kur galerian.

Noiz arte: Ekainaren 20ra arte.

Mikel Lertxundi artista bizkaitarraren (Berriatua, 1951) erakusketa bisitatzen duten guztiek giza pentsamenduaren alderdi oso pertsonal bat aurkituko duzue, bizitzaren eta existentziaren inguruko prozesu bat, gizakiak munduan eta naturan duen tokia bilatu nahi duena, betiere artearen ikuspegitik. Ideia konplexu horren inguruko lan prozesua zabaltzeko, diskurtso sinple zein eraginkorra garatu du Lertxundik, hiru kontzeptutan ardazten dena: oreka, espazioa eta lengoaia.

Orekaren kontzeptua garatzeko, beharrezkoa da existentzia; bizitzaren eta munduaren arteko harremana ulertzea. Artistak mundua hiru materialen bitartez deskribatzen du: burdina, harria eta egurra. Oinarri sendo bat behar denean, hortxe dago harria; indarra behar denean, berriz, burdina; eta ingurua berotu eta epeltzeko, egurra. Horrela, hiru material horiek zuzenean beste hiru elementurekin lotzen ditu —ura, sua eta haizea— sormen eta hondamenaren ordezkariak. Hiru elementu horien orekan datza bizitza, eta oreka hori ezinezkoa da elementu bakarraren bitartez. Lengoaiari dagokionez, artista eroso sentitzen da diskurtsoaren sinpletasunarekin, eta, horregatik, sormen prozesuan erabiltzen dituen formak geometrikoak eta errazak dira. Espazioek, berriz, gizakiaren eta bizitzaren arteko lotura adierazten dute; errealitatearen barruan gizakia kokatzen den gunea, alegia.

Hori guztia ezinbestekoa da Lertxundiren lana ulertu eta gozatzeko. Kur galerian aurkeztu duen azken erakusketa hori oro har eskulturaz osaturik dago, nahiz eta horien artean pintura lanak ere ikus ditzakegun. Halere, haren diskurtsoa era argian erakusten duen lan prozesua hiru dimentsiokoa da, eta pinturak beste maila batean gelditzen dira. Formatu handiko piezak paretako eskultura txikiekin nahasten dira, eta azken horiek formaren gaineko askatasun handiagoa erakusten dute, sare formako bolumenak sortuz.

Ikertzaile baten lana da Lertxundirena, aurreko mendeko euskal eskulturari eta arteari begira nolabaiteko malenkonia sortzen duena. Beste mende bateko artistaren lana erakusten digu, diskurtso tinko baten bidetik sormen prozesu baten lanketa jarraia dena. Material eta forma berberak behin eta berriro gurutzatuz, pertsonaren barruak landu eta existentziaren pentsamendu galkorra artearen bidez harrapatzeko ariketa bat. Horrek guztiak sormen prozesuari nolabaiteko mistikotasuna gehitzen dio, non giza arimaren eta sakratuaren arteko esperientzia bat gertatzen den. Sakratuak, kasu honetan, artearen eta erlijioaren arteko lotura bat ezartzen laguntzen digu, eta betiere adierazpen baten alderik ezinbestekoena irudikatzen du. Artista bizkaitarraren kasuan, material, forma eta prozesuak ezinbestekoak bilakatu dira haren existentziaren eta bizitzaren inguruko filosofia zabaltzeko, eta artea horretarako erreminta bilakatu da. Bizitza eta existentziaren ideietara hurbiltzen den diskurtso filosofikoa artean iraultzea benetan interesgarria da, baita horrek erlijioaren kontzeptu orokorrarekin eduki dezakeen lotura ere. Gerhard Lenski soziologoaren hitzetan, erlijioa natura eta gizakiaren zoriaren inguruan artikulatzen diren praktika eta sinesmen sistema banatua da. Eta artea, berriz, zer da artea?

Erantzun zehatzik ez duen galdera mahai gainean ipinirik, erlijioaren eta artearen arteko oinarrizko lotura begi bistakoa da, batez ere arte garaikidearen kasuan. Egungo arte garaikideak duen jarraitzaile eta ikusle kopurua benetan txundigarria da, gizakiarengan sortzen duen eztabaidaren emaitza, seguruenik. Hurbileko adibide bat Bilboko Guggenheim museoa dugu, non urtero-urtero milioitik gora bisitari biltzen dituen, esan bezala definitu ezin dugun sormen behar horren emaitzez gozatzera. Museo garaikideak erromes mugimendu global baten katedralak bilakatu dira, eta artistak, berriz, noranzko jakin bat ez duen ibilbidetik bideratzen gaituzten profetak. Mugimendu horri darion botere berrien diskurtsoaz ere baliatu dira artista batzuk, horien artean Jonathan Meese. Zera dio: «Artearen diktadura gerorako begirada ez-nostalgiko bakarra da. Ez da erlijioa, baina erlijio oro artea da. Artea deritzogun horrek boterea usurpatzea da daukagun irtenbide bakarra».

Baina botere horiek ez dira hain berriak, modelo neoliberal eta kontsumista baten erroak dituzte eta. Alde horretatik, Lertxundiren lanek aurkezten duten begirada nostalgikoak hain urrun ez dauden garaietara bideratzen gaitu, beste erritmo eta balio batzuen artean mugitzen zen artearen garaietara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.