'Eresia. Lurra arin izan bekizu, ama'
Ideia originala eta zuzendaritza: Oier Zuñiga. Antzezleak: Eneko Gil, Belen Cruz, Oier Zuñiga. Soinu eta argi teknika: Mikel Unamuzaga. Argi diseinua: Fermin Izko. Jantziak: Fran Dussourd. Eszenografia: Orekari estudioa. Kantugintza: Ihitz Iriart. Lekua: Hernaniko Biteri kultur etxea.Eguna: martxoak 22.Atzeko lerroko ikusleetako batek bere kezka adierazi du: «Titulu honekin ez dugu komediarik ikusiko. Ni barre egitera nentorren».
Oier Zuñigari irakurri diogu Eresia sortzeko ideia ama zendu zitzaionean bururatu zitzaiola. Horrela, askoren kezka komuna hartu du bere artefaktu poetikorako abiapuntu: nola gauzatu agurra, nola zeharkatu dolua, nola askatu betetzen gaituen minetik? Zuñigak performancetik asko duen ikuskizun batetik bideratu ditu galdera horien erantzun artistikoak.
Antzerkia, berez, bada erritual bat zeinak gure aldartea sendatzeko ahalmena duen. Horrela, aitortzen zaio indarberritzen gaituen indar osatzaile bat, gure ni gaixoa atzean uzten laguntzen diguna. Baina, egia esan, ikusleen sentimendu astintze askatzaile komun hori lortzea oso zaila da, zeren eta, horretarako, ikuskizunak ikusleak kokatu behar ditu amildegiaren ertzean, eta, hor, ikuslearen mina ozpindu, ubelduaren gainean kolpatu.
Zuñigaren proposamena, berriz, bestelakoa izan da. Eresia-ren planteamendua askoz xumeagoa baitugu. Ez da ziztada mingarri baten bila joaten, ez du izugarrizko samindura zabaldu nahi. Ariketa artistiko honek oholtzan du tokia, baina, era berean, antzeztu zitekeen museo baten atarian. Ez diot honekin meriturik kendu nahi, kontrara. Eresia artean eta filosofian ematen ari den bira afektiboaren (Sara Ahmed) aldeko isla bezala irakurri behar delakoan nago, eta, alde horretatik, oso interesgarria da sentimenduen adierazpena izatea ardatza. Nire irudiko, artistikoa izateko bokazioa du muinean piezak, eta, hartara, gorputzen mugimendu koreografiatuak zein konposizio bisual arrakastatsuak edertasunaren xerka bideratzen ditu.
Hiru oholtzakideek lana ondo betetzen dute, eta, gainera, badute haien abilidadeak erakusteko parada. Era horretan, Zuñigaren ahotsaz, Gilen dantzaz eta Cruzen antzezpenaz gozatzeko aukera eskaini digu Eresia-k.
Eszenografiaren erdigunean egurrezko tramankulu bat erabili dute, Amua lanean Fran Dussourdek erabili zuenaren antzekoa, baina askoz txikiagoa. Zatika osatua dagoenez, puzzle moduan eraiki eta deseraiki egiten dute antzezleek. Doluaren metafora bezala uler daiteke, osatzen eta eraldatzen doan zerbait, antzezten ari diren obra beraren ispilua.
Esanak esan, izaera katartikoari nortasun gogoetazalea nagusitzen zaiola uste dut nik, baina, betiere, pieza filosofiko baten izaerara iritsi gabe. Ikusleek ondo hartzen dituzten umore uneak badaude, eta orduantxe aditzen ditugu atzeko lagunen barre diskretuak.
Amaieran, gure testigantza uzteko eskatu digute irteeran horretarako prest dauzkaten txarteltxoetan. Hala diote: «Hiltzen naizenean...». Ikusleok geure nahiaz bete behar dugu esaldiaren hutsunea. Atzeko lagunek esaten dutenari adi nago: «Iritsi zait», dio komedia ikusi nahi zuenak. «Bitxia, baina bertan esandako asko iritsi zaizkit». «Ama...» eta familian joandakoak hizpide dituztela urrundu dira, heriotzari buruz hizketan.