KRITIKA. Artea

Erlazio kateatuak

Asier Mendizabalen hainbat lan, Carreras Mugica galerian. ANDER SAGASTIBERRI.
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun

Asier Mendizabal.'Ez batura ez atal'

Non: Carreras Mugica galeria, Bilbo. Noiz arte: Abenduak 7.

Presaz iritsi nintzen egun hartan, pauso bizkorrez. Eta Bilbon nintzela, Carreras Mugica galerian Asier Mendizabalen azken erakusketa ikusteko aprobetxatu nahi nuen, eta beldur nintzen garaiz iritsiko ote nintzen, itxi aurretik. Ia arnasestuka jo nuen ateko txirrina, baina ireki zidaten, barruan nintzen. Sartu ahala, ordea, soinu batek gorputzean nekarren abiada guztia geldiarazi zidan. Ez zen Asier Mendizabalen lana, argi zegoen, baina honen hautematean eragin zuzena izango zuela ere argi ikusi nuen une horretatik aurrera.

Baxu jarraitu moduko zerbait zen entzuten zena, nota grabe bat, elektronikoa, eta luzea, noizean behin beste nota batzuekin tartekatzen zena. Mendizabalen erakusketa dagoen aretotik ere entzun zitekeen noten segida, argi entzun ere; honela, aretoko piezek baxu jarraituaren akorde inprobisatuen rola hartzen zuten. Eta melodiak, berriz, aurreko guztiaren gainean, nire buruan sortzen hasi ziren, iraganetik ere edanaz.

Erakusketara joateko hainbat motibo ziren tartean. Zehatzago, bi motibo. Batetik, Mendizabalen azken urteetako lanik ezagunenetariko bat izan daitekeena dago erakusgai: Not all that moves is red (Telón) #2. Aretoaren albo batean dago, baina haren tamaina eta gorriaren eta beltzaren arteko kontraste indartsuak direla eta, aretoan ikaragarrizko presentzia du. Lan hori bestelako testuinguru batzuetan ikusi izanak iraganera bidaiarazi zidan. Bereziak dira, inondik ere, hain modu pertsonalean erlazioak sortzeko gaitasuna duten piezak. Beste motiboa, berriz, bere ekoizpen berriek bultzaturikoa izan zen; bereziki hormetatik zintzilik dauden argazki-collageak. Haietan, gaur egun modaz pasata dauden etxeetako zoruetako parketen argazkiak daude. Txikia nintzenean oraindik ere oso ohikoak ziren horienak. Testuingurutik erabat aterata, aretoan beraien ezaugarri formal eta estetikoek hartzen dute protagonismo osoa. Eta hori are gehiago azpimarratzen da Mendizabalek, irudi geometriko horiekin, collagearen bidez, egindako jolasen harira. Collageak eginak dauden aluminiozko gainazala ere tarteka argitara irteten da, hori ere forma geometrikoen bidez. Lan batzuetan zati txikiak dira, detaileak; besteetan, berriz, zabalagoak, zeintzuek islaren bidez ikuslea lanean murgilarazten duten, itxuraz bada ere.

Horiekin elkarrizketa perfektua osatzen, berriz, Casa/Palabra izeneko beste objektu seriea dago aretoan barrena. Aurretik aipatutako Iroko/ukola lanekin batera, aretoko protagonista nagusia da. Elkarrizketaren haria materialak berak darama, hain zuzen ere, eskultura hauek guztiak hormetako collagetan tartekaturik ikusten diren aluminiozko material beraz eginak baitaude. Baina formak berak ere batzen ditu, forma erregular eta zuzenek.

Mendizabalen lanetan ohikoa denez, ordea, lanak ez dira maiz estetika huts inondik inora ere, eta oraingoan ere halaxe da. Bi serieen arteko konexiorik tinkoenak, ezinbestean, kontzeptualak baitira. Eta horiek ere iraganera garamatzate. XX. mende erdialdera gutxi gorabehera, Espainiako arkitektura arrazionalistak koloniekin izandako harreman eta eragin zuzenaren inguruan gogoeta egitera. Hain zuzen ere, pieza multzo bakoitzak gaiaren inguruko ikuspegi zehatza aurkezten digu. Bai baitirudi garai hartan eta bereziki arkitektura arrazionalistaren bidez hain modan jarritako luxuzko egurrak—lurreko parketerako erabiltzen zirenak—, ia musu-truk lortuak eta, gutxik jakin arren, Afrikako kolonietako lehengaiak zirela. Aldiz, aluminiozko eskulturen bidez, kontrako bidaia egiten da. Izan ere, piezak egiteko erabilitako forma triangeluarrak kolonietan eraikuntzarako soluzio arrazionalistak bilatzeko prototipo batean oinarritutakoak baitira. Hala, azken finean, bi piezen bidez, iraganeko Espainiako kolonia-harremanetan sakontzeko aukera ematen digu artistak, esplotaziozko ustiapen sistema batean, eta baita hala-hola zuritutako paternalismo batean, ia kutsu propagandistikoa ere izan zezakeena. Erlazio kateatuak; eta kateak ere, aretoan bertan.

Nahikoak izango ziren bi serietako piezak eta kateak erakusketa borobil eta interesgarria osatzeko. Baina askotan horma hutsak ikusteak bestelako piezak ere erakustaretora eramateko beharra sentiarazten digu. Eta nahiz eta kasu honetan Not all that moves is red (Telón) #2 lanak gainontzeko piezekiko ere bestelako irakurketak bermatzen dituen, agian gehiegizko presentzia da aretoan hartzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.