'Azaleratu'
Artista: David Bestue. Non: Altzuzan, Oteiza museoan (Nafarroa). Noiz arte: Urriaren 15era arte.Azalak eraldatu, urratu, higatu edota desagertzen dira denboraren poderioz. Ildo horretan, objektuen materialtasuna iragankorra dela esan genezake. Artearen historia zeharkatzen duten sorkuntza eskultoriko kanonikoei so egitean, haien materialtasunak zurruna, higiezina izatea helburu duela ondorioztatzen dugu: harria, burdina, egurra... Irmoa, eraldaezina, gogorra... Bada, tradizio eta logika horietatik aldentzen da David Bestue artista, Oteiza museoan mustu berri duen Azaleratu erakusketan aurkezten duen lanean. Irmotasun horretatik aldendurik, objektuen, materialen, gainazalen eraldatze gaitasunak bereganatzen baititu.
Uharte zentroak eta Oteiza museoak elkarrekin garatu duten Hazitegia programaren parte da proiektua; egin duten bosgarrena da. Haren bitartez, Jorge Oteizaren lanaren inguruko hausnarketak bideratzen dituzten erakusketa proiektuak garatzea da helburua. Halatan, Bestueren proposamenak artistaren lanarekiko loturak eta hausturak ikusarazten ditu. Prozesu garaikideen bitartez, Oteizaren produkzioko eta idatzietako hausnarketak eta birformulazioak ikusarazten baitira.
Aurkezten diren piezen nortasuna etengabeko eraldaketan murgiltzen da, eta, prozesu horretan barrena, denboraren menpe geratzen dira. Halatan, Oteizaren lanarekiko loturak eta hausturak arnasten dira espazioetan barneratzen garen heinean. Betiere, modernitateko eskulturen ildoekiko perspektiba kritiko bat zabalduz.
Materialak birplanteatzea du oinarri proposamenak, eta, beraz, aurkeztuko zaizkigunek azukrea, gantza, gatza, fruituak, arrosak eta beste izanen dituzte osagai nagusi. Horietatik abiaturik, artistak forma irmo eta zurruneko eskultura iragankorrak sortzen ditu.
Erakusketa, ibilbide lineal batean oinarriturik, hainbat espaziotan egituratzen da. Alabaina, artelanen antolaerari dagokionez, bi espazio uztartzen dira: Trastelekua eta Arasa. Lehenak kontserbazio espazio bati egiten dio erreferentzia, zeinetan piezak gorde eta mantentzen diren, iraganetik orainera. Arasa, kontrara, elikagaiak gordetzeko espazioa izanik, etengabeko aldaketan dagoen gune bat izanen da. Bada, piezak konposatzen dituzten materialak daude bereizketa horren erroetan; batzuk orainaren itzal eraldagarriak baldintzaturik daude, eta besteak irmotasunaren nolabaiteko aldarri bihurtzen dira.
Materialen iragankortasunak erakusketaren pisua bereganatzen duela kontuan izanik, eta hari loturik, Bestuek Samuel Luiz gaztearen hilketa eta memoria hartzen ditu prozesuaren aldarritzat. Nolabait ere, gertatukoaren oroitzapena bizirik mantentzeko saiakerak proposatzen dituzte hainbat piezak.
Loreak, gantza, gatza, fruituak... espazioak zeharkatzen ditugun heinean, eskulturaren alor formalaren eta poetikoaren arteko tentsioak sumatzen dira. Forma, edo edukia, mezua edo materiala, istorioa edo irudia...
Eta, aldi berean, galerari, desagerpenari egiten diote erreferentzia; horietako batzuk denborak aurrera egin ahala desagertuko baitira. Izan ere, artistak azaltzen duen eran, eskultura errealitatearen filtro bihurtzen da. Horrela, artistak eskulturaren galeraren eta heriotzaren arteko zubi bat eraikitzen du, eta espazio guztiak blaitzen ditu ikuspuntu horrek.
Azkenean, moldearen barneko edukiak moldea bera gainditzen du, eta materialaren nortasunean zentratzera bideratzen gaitu. Prozesu horretan murgiltzen garenean, zentzumen guztiak pizten zaizkigu, eta piezen gaitasunak areagotzen direla sumatzen dugu: usaina, zaporea, testurak... Begietatik sartzen zaigun hura barrenetan aztertu, ulertu eta konposatzen baitugu.
Denbora da ezaugarri horien guztien biziraupenaren arduradun nagusia, eta orain ikusi, dastatu eta aztertu dugun hau eraldatu, mugitu, higitu eta urratuko da. Amaieran, inguratzen gaituen guztia desagertzen den arte.