'Kutsidazu bidea, Ixabel'
Egilea: J. Sagastizabal. Zuzendaria: P. Barco. Musika: J. Pascualena, S. Romano, I. Huitzi.Zuzendari musikala: J. Pascualena.Aktoreak: A. Aierbe, K. Nguema,I. Huitzi, X. Korkostegi, J. Pascualena, M. Redondo, I. Tolosa, A. Zulaika. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriak 15.Errapeak eta eperrak nahasten ditu Juan Martin euskara ikasleak Aranguren baserrian egindako egonaldian. Dena egiten zaio berri, euskaltegian ikasitakoak ez dio ia balio herri xeheko jendearekin komunikatzeko, eta are gutxiago baserri giroan, han eperrak eta errapeak ez baitira gauza bera.
Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea, Ixabel eleberriak katarsia eragin zuen joan den mendeko azken hamarkadan, bere laburrean ederto asmatu zuelako hiru kontu handi liburuan elkartzen: ikasle orok euskalduntze prozesuan izandako zailtasunak, kalekumeok baserri munduaz dugun ezagutza falta eta —beti funtsezko osagaia dena— uda bateko maitemintze istorio bat. Hain izan zen liburua arrakastatsua, antzezlan eta guzti bihurtu zuen Gorringo taldeak 2003an, Anartz Zuazuaren zuzendaritzapean egindako muntaketa xume baina polit batean, eta beranduago zinerako bertsioa eta telesaila ere plazaratu ziren, seguruenik hainbesteko arrakastarik gabe.
Oraingo honetan Demode Quartet-en estiloan etorri zaigu obra bera, eta emaitza eszenikoa ikusita, argi dago bere mugapenetan —gurea ez da Broadway, denok dakigunez— oso produktu borobila, ikusle ororen gustukoa —ume asko egon dira estreinaldian— eta grinaz egina atera zaiela. Gainera, jatorrizko liburua usatuegi dutenentzat eszena berri batzuk sortu dituzte—Durangoko kaktusarena, adibidez eta beste batzuk kendubelarretan ari zirenekoa: pena!, seguruenik emanaldiaren funtzionaltasun eszenikoaren hobe beharrez.
Antzerki musikalaren arau ez idatziei jarraituz, argumentu on bat behar dugu ikusleria etxeko sofatik aterarazteko, eta kontu hori ziurtzat jo dezakegu lehen esandakoarekin. Musikala denez, soinu-banda erakargarria sortu beharko dugu, eta alde horretatik esan dezakegu emanaldian zehar estilo askotako melodia eta erritmo politak entzun ditugula. Egia da musikal handietan hari eroale bat egoten dela konposizio guztien azpitik, baina kasu honetan ezinbestekoa zen begi-keinuak egitea publiko zabalari, eta horrela gertatu da euskal kulturako doinuak flamenko kutsuko pasarteekin edota tangoarekin batera etorri izana.
Etxafuegorik gabeko koreografiak eta argien diseinu efektista izan dira muntaketaren beste elementu batzuk, antzezle eta abeslari guztien gogo eta efikaziarekin batera, eta, azkenik, aipamen berezia merezi du eszenografiaren diseinuak. Teo famatuaren liburuak gogora ekarri dizkigun marrazkiekin osatu dira argumentuak eskatutako paisaiak eta egoerak, ipuin bateko ilustrazioen antzera, eta dekoratuen aldaketak orriak pasatuko balituzte bezala gertatu dira, horrela areagotuz jatorrizko eleberriarekin geneukan lotura emozionala.