Anonyme Popular 'Anonyme Popular'

Entzuteko disko bat

Diskoetxea: Zart.

Andoni Tolosa.
2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Denbora kontua zen bertso-jarrien eta spoken word-aren arteko konfluentzia. Agian, aurretik gertatua zen, baina inork ez zuen unea erregistratu, eta, beraz, ez zuen data hori halako ardurarekin zamatu. Ezinbestekoa da, adibidez, Zazpi Eskale eta Gu eta Gutarrak egitasmoak aipatzea, egile bertsuen ezinegon sortzailearen emaitza zirelako, eta bertso-jarriei ateak zabaltzen zizkietelako, askotariko norabideen abiapuntuan kokatuz. Baina, egitasmo horietan denetan, bertso jarria kantuaren parametrotara ekartzen zen. Besteak beste, horrek bertsolariaren kantaera bortxatzea ekartzen zuen, pop musikaren estandarretara ekartzeko ahaleginean, eta horrek baldintzatzen zuen emaitza.

Alde horretatik, aurrerapauso nabarmena dakar Anonyme Popularrek; kantuari begiratzeaz gain, gurean ahaztu samarra dugun errezitatzearen artera hurbiltzen duelako bertso-kantaria, eta hori bai iruditzen zaidala berrikuntza azpimarragarria. Kantaria testu-irakurle bihurtzen da, eta emaitza ona da. Uste dut Igor Elortza errezitatzetik hurbilen dabilen uneetan hartzen duela disko honek bere zentzurik osatuena, erakargarrien bilakatzen dela, iristen dela unerik gailenetara. Hortxe lortzen dute testu ikaragarri horiek merezi duten janzkera.

Noski, inork ez zuen espero Elortzak testu eskasak idaztea. Alde horretatik, urteetan erakutsi duen izpiritu kritiko eta autokritiko, humanista, politiko, kultu... beraren emaitza dira Anonyme Popular osatzen duten bederatzi testu hauek. Sekula ez da izan Elortza bertso-idazle edo kantari koldarra, are gutxiago orain. Beraz, primeran deskribatzen du 50 urtetik hurbil dabilen familia-gizon euskaldun, abertzale, majo baten mundua; zuzen, ironiko, kritiko, samur, hurbil... egiten du, disimulurik eta koartadarik gabe. Bikain (ia gehienetan bezala, gehituko nuke).

Eta jakina, nork espero zuen Rafa Ruedak musika txarra idaztea? Egia da musikariarentzat ez dela lan erraza ezberdintzea zer den kantua eta zer den errezitatzeko musika. Eta uste dut bietatik dagoela diskoan. Sarrerako Mundumoduinmundu eta Anonyme Popular lehenengotik hurbilago daude, eta Baina Heuk Be Badakik zoragarriak, eta Mundura Sortzen Lehenengoak adiskidetasunaren aitortza inkondizionalak gehiago dute bigarrenetik. Estilo aldetik, berriz, denetarik dago, baina ez dut uste hori garrantzitsuena denik, errezitatzeaz ari bagara bederen. Azkenean, horrelakoetan, musikak testu eder batzuk ilustratzeko eta haien eragina anplifikatzeko tresna izan behar du, eta bide horretan emandako urratsak dira, nire ustetan, disko honen ekarpenik interesgarrienak. Hau entzuteko disko bat delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.