Arantxa Iturbe (Alegia, 1964) irrati-esataria oparo dabil azkenaldian literatur generoak uztartzen. Argitalpen berri bi kaleratu ditu: batetik, Dorrearen eta penduluaren arteko ituna (Erein, 2016) eta, bestetik, berriki argitaratutako Koadernoa zuri (Elkar, 2017). Azken honetan, alderantzizko prozesuari ekin dio antzezpen bat paperera eramanez: Hika teatro taldeak Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean antzeztu zuen 2016ko urrian. Intxaurraga bera izan du bidaide hitzak paratzean, «beti norabide berean aspertzen garenetakoak izaki, juxtu kontrako esperimentuari heldu diogu. Antzokietan entzun eta ikustekoa irakurgai bihurtzeari», dio aitzin-solasean Iturbek.
Begoña eta Arrate ahizpen arteko eta berriki hildako haien amarekiko erlazio gotortuak eta errepresioz beteak kontatzen zaizkigu eszena laburretan egituratuta. Etxetik ihes egindako Begoña ahizpa nagusia haurtzaroko gelara bueltatu da ama mantis-aren etxean, erlijioan oinarritu amaren erabateko botere guztizkoaren aurkako borrokatzaile porrokatua izan zen, eta etxetik kanpo eman urteetan bizitza erromantikoaren eredu bilakatu amaren aurrean otzan agertu ohi zen Arrate ahizpa medikuaren aurrean. Amaren eta ahizpen arteko erlazioaz, euskal literaturan arras jorratuak bestalde, denbora jauzi ugari tarteko, ari zaigu Iturbe.
Jatorrizko formatuak baldintzatu du azken emaitza, batzuetan eszenarako baliagarria oso dena ez da guztiz mamitzen paperaren gainean, eta beste batzuetan ezin hobeto egokitzen zaio. Eszenen bat-batekotasun horrek, erritmo altuak, elkarrizketa zuzen oso ondo moldatuak nolabaiteko transzendentzia kentzen baitio literatur lanari. Teatro-testua libururako egokitzeko ahaleginean, Begoña ahizpa iheslariak idatzitako egunerokoa txertatu du eszenen artean Iturbek, kontrapuntu egokia landuz. Arrateren mediku-lanaren berri emateko, kontsultan dituen gaixoekiko harreman errealista eta surrealista kontatzen du trebeki egileak. Apika, liburuak duen alderik umoretsuena eta interesgarrienetarikoa minari eta gaixotasunari buruzko ezinbesteko hausnarketak dira. Arinak eta sakonak dira oso aldi berean, eta piperra agertzen dute.
Iturbek jorratu gaiak nahiko jorratuak izan dira literaturan, batez ere sentimendu erlijioso itogarri bat inposatu nahi duen figura boteretsuaren eta «beste modu batera» bizitzeko egarriaren arteko tirabirak; alabek iraultza edo otzantasuna dute aukeran, maitasuna tarteko, eta izaera borrokatzailea edo otzantasuna patuak berak markatua dator nonbait. Ama eta Begoña boteretsuak diren gisara, aita eta Arrate ahulak dira. Odolaren eragin saihetsezina nonbait. Bada, Iturbek topikora joko du zenbaitetan: ez dira faltako amaren arrosarioaren otoitzen eta alaba nagusiak abortatu beharreko unearen arteko kontrapuntu efektistak.
Iturbek emakume izateko beste modu ezberdinak daudela nabarmendu nahi du, Anne Sexton bidaide, «Halakoa atera naiz, sorginek hartutako sorgin, gauez ausartago, aire beltzean nabil; gaizkia amets, argirik argi, etxerik xumeenean bete dut nire aldia: hamabi hatzeko eme, koitadu bakarti, nago burutik». Begoñak Arrateri koadernoa erakusten dioenean, amaren aurkako gorrotoa abiapuntu duen koadernoa, Arratek esaten dio:«—Dena ez da zurea». Eta Anne Sextonen hitzak seinalatzen dizkio. Haren erantzunak literaturaren oinarriak zizelkatzen ditu.«—Dena nirea da. Horrek ez du esan nahi hitz guztiak nik idatziak direnik. Beste batzuek hobeto idazten dute nirea askotan».
'Koadernoa zuri'
Elkarren ifrentzuak
Egilea: Arantxa Iturbe. Argitaletxea: Elkar. Generoa: Eleberria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu