'Elling'
Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Abenduak 9.
Elkarrekin bizi dira Elling eta Kjell halabeharrez, ospitale psikiatriko gela berean, eta handik irtetean ere elkarrekin jarri dituzte etxebizitza babestu batean, kaleko bizimodu normalera ohitu daitezen. Andres Lima eszena zuzendariak Ingvar Ambjorsen norvegiar egilearen pertsonaia hartu, eta bikote eszeniko ikaragarria sortu du Ellingekin eta bera bezain isolatua bizi den gelakidearekin.
Lima ezaguna da Animalario konpainiarekin batera astintzen saiatu delako Espainiako antzerki panorama, eta euren lan asko —Tren de mercancias, Alejandro y Ana, Hamelin, Urtain…— Euskal Herrira etorri dira aurreko urteetan. Oraingo honetan, Javier Gutierrez da Animalariotik ezaguna egiten zaigun aurpegia, baina lanaren planteamendu eszenikoa, gaiaren inplikazio soziala eta aktoreen ahalegin pertsonala muntaia mitiko haien ildo beretik ibili dira, ukaezinezko benetakotasuna ematen taula gainean gertatzen zenari.
Carmelo Gomez izan da Gutierrezekin batera protagonista, eta bien artean sortutako tirabirek eta une samurrek bi gizagaixo haien gizatasun sentikorrena eta laguntasunik sendoena erakutsi dizkigute. Beraiekin batera, gainera, beste aktore bi egon dira—Chema Adeva eta Rebeca Montero— eta, sarri gertatzen denaren kontrako erara, protagonista bien sendotasun bera erakutsi dute une batean edo bestean jokatu dituzten rol desberdinetan.
Dramaturgia lanari dagokionez, lauki handi bat eta ikusleentzako jesarlekuak paratu dituzte eszenatokian, eta pianista batek girotu ditu zuzenean eszenak. Giroak, aldiz, objektuak lekualdatuz eta argien bidez bereizi dira, baina badirudi zuzendariak ez diela objektuei eman beren fisikotasunetik haratago baliorik eta zenbait efektutan nolabaiteko paralelismoa ezarri nahi izan duela Elling-en zinemarako bertsioarekin. Denboraren progresioan ere bat-bateko jauzi azkarrak egin dituzte pertsonaiek noizean behin, baina horrek ez du eragotzi zeharo sinesgarria izatea beren jokaera. Izan ere, ordu biko iraupena eduki arren, nik behintzat ez diot behin ere begiratu erlojuari eta, amaieraren etorrerak ezustean eta guzti harrapatu nau. Ez da marka makala gero!
Kritika. Antzerkia
Elkarrekin bizi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu