KRITIKA. Artea

Elkar batu eta zatituz

Miriam Isasi Montehermosoko erakusketan, Gasteizen. GASTEIZKO UDALA.
2021eko urriaren 12a
00:00
Entzun

'Tosigo'

Artista: Miriam Isasi.Non: Montehermoson, Gasteizen.Noiz arte: azaroaren 21era arte.

Montehermosoko proiektu artistikoen deialdia, jakina denez, kulturunean urtean zehar egiten den erakusketa programazioa osatzeko erabiltzen den egitasmoa da: artistei produkzio berria egiteko ekoizpen diru laguntzak eskaintzeaz gain, ondoren haien ikusgarritasuna bermatzen duen programa osoa. Eta, era berean, hiritarrei eta bertaratzen garen orori une honetan bertan artisten azken joeretara eta ekoizpen freskoetara hurbiltzeko aukera eskaintzen duena. Urtero lau proiektu saritzen dira, eta, beraz, saritu osteko ondorengo urtean lau proiektu horien erakusketa burutzen da. Une honetan martxan dagoena urteko azkena da, 2020. urteko sarituen artean ikusteke gelditzen zitzaigun bakarra: Miriam Isasiren Tosigo proiektua.

Erakusketa edo proiektuaren izenburuak haren izpiritua eta lantzen duen jakintza esparruaren oinarria ezin argiago adierazten digu: pozoia. Eta hain zuzen ere, pozoia, gizartearen eta naturaren arteko harremana eta lotura bermatzen duen elementu gisara aurkezten digu artistak.

Pozoira inguratzeko lehen ikerketa pausoa herbario baten bidez egin zuen Isasik, XVIII. mendean Diego Lorenzo Prestamerok osatutako herbario historikoaren bidez; Espainiako zaharrenetarikoa eta egun Arabako Lurralde Historikoaren artxiboan dagoena. Argien mendea deituriko hartan, arrazoiaren eta zientifismoaren izenean, guztia bildu, ezagutu eta aztertzeko sukarrean bildurik, naturako elementuak ez ziren salbuespena izan. Natura, paisaia, animalia eta landareen izaera basatia gizonaren —bai, gizonaren—neurrira otzantzeko joeraren parte, herbarioetan lore, zuhaitz eta bestelako elementu begetalen aleak jaso, bildu eta haien ezaugarriak izendatu ziren.

Ezin esan XVIII. mendeko arrazoiaren joera hark utzitako oinordetza guztiak gizartearentzat positiboak izan direnik, baina herbarioen sorrerak behintzat azpimarratu beharrekoak dira; zoritxarrez, oro har galdutako ezagutza baten kontserbaziorako balio izan baitute: landarediaren ezagutzarako —perbertsoa dirudien arren, ezagutza jakin honen galeraren kausetariko bat garai berean bultzaturiko arrazionalismoa eta haren garapena izan baziren ere—. Zenbat zarete landareen ezaugarriak eta haien erabilerak ezagutzen dituzuenak?

Eta erakusketaren abiapuntuak berak, Isasiren ikerketaren lehen pausora garamatza: Herbarioaren kontsultara. Ondorengo aretoek, berriz, bere ikerketa prozesuaren garapena agertzen dute, nahiz eta modu asinkroniko batean eta prozesuaren barruan sortutako emaitzen bidez izan. Garapen honetan, ordea, jorratutako bi ibilbide paraleloren zantzuak antzematen dira, aretoetako bakoitzean elkar elikatu eta elkar osatzen dutenak, elkar batu eta zatitzen diren lerroak sortuz, ezagutza eraikiz: ibilbide bat denboran atzera doa, aurretik pasatako garaietara begiratuz; eta bestea, berriz, aurrera doa, esperimentazioan oinarrituta, etorkizunera begira bide berriak jorratuz.

Atzera doan ibilbidean gizartearen identitatea osatzen duten historia, mitologia eta herri-ezagutzan sakontzen du, landare toxiko eta pozoitsuekin izandako harremana aztertuz, haren nolakotasun eta ñabardurak. Herbarioek jasotzen dituzten datu isolatu eta hotzetatik urrundu, eta landare pozoitsuekiko gertuagoko hurbilketa bat proposatzen du, hurbilketa gizatiarragoa, biziraute, botere eta azpiratzeekin zuzenean erlazionatzen dena, haien balioa eta garrantzia azpimarratuz, Erromako garaietako kontakizunetatik hasi eta Romeoren azken hatseraino hedatzen dena. Eta hor daude, hormaren izkinan, akonitoz bustitako gezi puntak ere; espazioa edertzen, bisitariak asaldatzen.

Denboran aurrera doan ibilbidearen emaitza gisa, berriz, aretoetan sakabanatuta eta bitxiak balira bezala instalatutako botilak aurkezten ditu Isasik. Burdinaz artikulatutako egitura geometrikoek babesten dituzten edariak dirudite. Eder eta hilgarriak. Etorkizuneko pozoi-gozo edo herbario preziatu izan daitezkeenak.

Paisaia, praktika eta sinesmenen artera garamatza Tosigo erakusketak; naturaren ezagutzara eta haren erabilerara, zeinak identitate-forma jakin batzuk ematen dizkigun. Gure memoriatik kanpo gelditutako ezagutzak eta elkarbizitzak berreskuratzeko pausoa da, haietara itzuli eta modu ezberdin batez etorkizunera begiratzekoa, elkar batu eta zatitzen diren lerroen bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.