John Gutmann
Lekua: Rekalde aretoa (Bilbo). Noiz arte: 2012ko urtarrilaren 8ra arte.
John Gutmann (1905-1998) Ameriketako Estatu Batuetara 1933an joan zenean, beretzat ezohikoa zen paisaia baten aurrean aurkitu zen, eta ezohikotasun hori argazkietan jaso zuen. Rekalde aretoan, orain, Gutmannen argazkiak ikusten ditugunean, berriz, paisaia ezagun eta ohikoak ikusten ditugun sentsazioa dugu, baita AEBetan egon ez bagara ere. Ikus-kulturak fokua Ipar Ameriketan jarri du hasiera-hasieratik, eta hango paisaia, bizimodua eta ohiturak gure egunerokotasunaren zati dira. Ezin ditzakegu errealitate horiek begiratu Gutmannek begiratzen zituen moduan, harentzat ezohikoa, zoragarria zena guretzat ohiko bihurtu delako.
Naziak boterea hartu bezain laster, Otto Mueller pintore espresionistaren ikasle nabarmenena zen Gutmannek Rolleiflex bat erosi zuen, eta Berlineko Photo Press-ekin kontratu bat sinatu zuen AEBetan aterako zituen argazkiak Europan zabaltzeko. Harrigarria badirudi ere, Gutmannek argazkilari izatea erabaki zuenean, artean, argazkirik atera gabe zegoen; gaur egun argazkirik atera gabe egotearen posibilitateak berak ezinezkoa dirudi, baina Gutmannek halaxe egin zuen: erabaki, kamera bat erosi eta kontratua lortu. Diote tipo ausarta zela eta garaian argazkilaritza jasotzen ari zen arretaz konturatuta ogibidea aurkitu zuela.
Erakusketaren sarreran, San Frantziskora emigratu aurretik Berlinen ateratako argazki gutxi batzuk biltzen dira. Intentzio eta teknika handirik gabe ateratako argazki horien artean October, 1933 izenburuduna dago, zeinetan beltzez jantzitako emakume batek erakusleiho bat begiratzen duen. Eszenako protagonistak ez gaitu begiratzen; bai, ordea, erakusleihoaren beste aldean dagoen eszena barruko emakume lausotuak. Kristalaren kanpoko eta barruko errealitateen banaketak, biak ilunak, bata desitxuratua, sortzen duen ezinegonak etortzear zenaren abisua irudika lezake. Errealitatea argazki kameraren bitartez ikusteak, adi so egiteak, ezusteko emaitzak ematen ditu. Benjaminek garaian zioen moduan, argazkiek badute inkontziente optikoa delakoa: argazkia hartzearen bat-batekotasunean, argazkilariaren nahiaz gain bada jasotzerik argazkilariaren begiek ikusi ez dutena.
John Gutmannen ibilbideak ezinbestean pentsarazten digu argazkilaritzak hasieratik izan duen eztabaida baten inguruan: artea da argazkilaritza? Une honetan egunerokotasunik ez duen galderak izan zuen eraginik argazkilaritzaren zabalkunde garaian eta Gutmannek polemika horri naturaltasunez aurre egin zion, argazkilaritza eta pintura aldi berean egiten baitzituen. Erabilera osagarri horren erakusgarri da Self-portrait, Looking at North Beach and Bay San Francisco, 1934 autorretratua, non leihoan San Frantziskora begira dagoela, pintzelak eskuetan, bere buruari argazkia ateratzen dion, begiekin hiria jango balu moduan. Esan bezala, Gutmann pintorea zen San Frantziskora joan aurretik, eta gerora ere pintore izaten jarraitu zuen; argazkia ogibidea zen, baina, era berean, hain harrigarri iruditu zitzaion errealitatea irudikatzeko grina zuen, eta, horretarako, bitarteko egokia zitzaion kamera. Hartaz, definizioetatik harago, jardunean egin zuen bidea.
Rekalde aretoko erakusketan ehun argazki inguru biltzen dira, eta bere lanaren aniztasunaren erakusgarri ona da, nahiz eta argazkiak besterik ez zaizkigun erakusten. Formatu txikiko argazkietan, argazkilaritzaren gai eta erabilera asko jorratzen dira. Erakusketa zabala da gaien ikuspegitik, bere lanaren atzera begirako handi bat izateko xedez egin delako. Dena den, berak egindako erakusketetan gai bat hartu ohi zuen ardatz: automobila, ekialdea, heriotza, arkitektura, eta abar. Neurri batean, erakusketan ere saiatu dira askotariko argazkiok gaika multzokatzen: Deserrotutako ikuspegia, Metropoli berri batekin topatzea, Automobila, Irudi amerikarrak, Paisaia amerikarrak, Inauterietako espiritua eta Gerra seinaleak. Horrek, nolabait, egituratu egiten du, bestela, hedatuegia izan zitekeen erakusketa.
Gai asko lantzea, angulo ezohikoak irudikatzea, kontraste handiko irudiak sortzea, ikuspuntu baxua behin eta berriro errepikatzea —Rolleiflex kamera sabel parean kokatzen dela—, mugimendua jasotzeko duen nahia eta abar, Gutmannen heterogeneotasuna, alegia, geroago iritsiko zaigun artea egiteko modu baten zantzu gisa uler daitezke. Erakusketa honek eraman ahal gaitu garai berriagoetako artisten lanak gogoratzera, esate baterako, distantziak distantzia, Signas, Once Sid, 1989 lanak Itziar Okarizen mezu argiztatuak gogorarazten dizkigu, edota Class, 1936 lanak Asier Mendizabalek Reina Sofiako erakusketan aurkeztu zituen argazki collageak. Lehengo eta oraingo, hango eta hemengo, irudi arteko harreman sare ikusezin batez inguraturik bageunde bezala.
Kuriosoa da nola Gutmannek bere ekoizpenarekin artxibo lanak egin eta 70eko hamarkadan zituen milaka negatibotatik batzuk bakarrik aukeratu eta positibatu zituela. Aukeraketa eta ale horietatik sortu da erakusketa. Bertako argazki asko aipatu ahal izango genituzke, interesgarriak baitira dauden zenbait ale. Hala ere, nabarmenduko ditugu Gimnasiari buruzko (Archers. Spelman College, Atlanta, 1937) edota New Orleanseko inauterietako (Jitterbug, Nueva Orleans, 1937) argazkiak, zeintzuetan grabitate fisiko eta soziala kinkan dagoen momentuan egiten duen klik, eroriz gero, elegante eror gaitezela behintzat. Esan dugu argazkilariarentzat ezohiko eta zoragarria zena guretzat eguneroko paisaia dela, hala ere, ezagutzen ei dugun horren mugimendua eta keinu bitxiak ikusarazten aparta da Gutmann.
Kritika. Artea
Elegante egizu salto!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu