Txalaparta argitaletxeak (H)ilbeltza bekaren bidez argitaratu du Massimo Carlottoren Agur, maitea, ikusi arte eleberria, Koldo Biguriren itzulpenean. 2017az geroztik itzulpenak eta jatorrizko lanak kaleratzen dira Euskal Nobela Beltzaren Asteak sustatuko deialdiari esker, denak ere genero beltzekoak. Oraingoan nobela beltzaren autore garaikide entzutetsuenetako bat ekarri dute euskarara italieratik. Kutsu autobiografiko dezentekoa du Carlottoren eleberriak—protagonista bezala, Carlotto ere iheslari politikoa izan zen, gaztetan Lotta Continua erakunde komunistan ibilia—; autoreak, ostera, egungo Italiaren —izatez, 2001ekoa da liburua— erretratua osatzeko baliatzen ditu hainbat urte espetxean igarota jaioterrira itzultzen den Giorgio Pellegriniren ibilerak.
Pertsonaia amorala da Pellegrini, biolentoa. Mendeku gosez dabilen galtzailearen amorruak mugitzen du. Italiatik ihes egin ostean Erdialdeko Amerikako oihanetako gerrilletan zaildua, espetxea ere zapaldua, sorterrira bueltan gizarte-piramidean gora egitea du helburu bakar. Printzipio politiko oro alde batera utzita, herrialdeko ezkutuko ekonomian murgilduko da buru-belarri. Militante engaiatua zena kriminal mafioso gisa ageri zaigu, kontzientziarik gabeko hiltzailearen antzera. Ikaragarria da, bereziki, Pellegriniren emakumeekiko jokaera. Protagonistaren misoginiak irakurlea uxatzen du, beragan bainoago, arreta bere ingurukoan jartzera gonbidatuz. Generoaren ezaugarriei jarraikiz, izan ere, italiar gizartearen arrakalei so egiten die autoreak, alderdi ilunetan argi eginez. 1970eko hamarkadako langile borroken ondorengo Italia dakusagu, fortuna bilatzailez betetako urre-meatze moduko bat, negozio zikinen, lukurreriaren eta edozein eratako ke-saltzaileen biltokia. Brianese abokatuarengan, esaterako, argiro suma daiteke Silvio Berlusconi delako baten oihartzuna.
Polizia ustelak, aberastea besterik nahi ez duten morroiak, beren negozioak iraunarazteko politikara jotzen duten mafiosoak... Mundu gordin bezain egiatia marrazten du Carlottok. Mugimendu iraultzaileen porrotak sistemaren eraldaketarako federik eza, eta horrekin batera populismo berrien ernaltzea. Dagoeneko kontua ez zen gizartea iraultzea, lohitasunean igeri egiten ikastea baizik. Pellegrini bera ekinaldi kolektibo horren galeraren gorpuztea da. «Bere burua eratzen» duen indibidualista da idolo berria, langile edo ikasle erreboltariaren partez —Poliziaren sarekada etengabeen menpe oraindik ere hauek—. Anarkista espainiarrek ere sinbolizatuko lukete aipatutako guztia. Sei kapituluz osatua dago nobela, atarikoaz gain, gainerakoek kontakizuneko emakume banaren izena hartzen dutela. Emakume zapalduen istorioa ere bada, izan, liburua. Generoari dagokion estilo biziz idatzia dago. Carlottoren prosa argia da, arina, baina zartakoak ere uzten ditu han-hemenka. Ferrucio polizia ustelak dioen honek, adibidez, liburuko gizartea bikain laburbiltzen du: «Elefanteen hilerria bihurtu duk hau: hona etortzen dituk denak hiltzera».
Literatura. 'Agur, maitea, ikusi arte'
Elefanteen hilerria
Idazlea: Massimo Carlotto. Itzultzailea: Koldo Biguri. Argitaletxea: Txalaparta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu