'Finzi-Continitarren lorategia'

Eleberri bat galerari

Idazlea: Giorgio Bassani. Itzultzailea: Koldo Biguri. Argitaletxea: Elkar.

Alex Gurrutxaga Muxika.
2016ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Elkar etxea pixkanaka osatzen ari den Urrezko Bibliotekan argitaratu berria dute 15. liburua. Bilduma horretan, orain urte batzuk euskarara ekarritako lanak aurki ditzake irakurleak, jada eskuragai ez zeuden liburuen edizio berrituak.

Finzi-Continitarren lorategia (1962) Giorgio Bassani (1916-2000) italiarraren eleberri ezagunena da. Bere garaian Viareggio saria irabazi zuen, eta 1970ean Vittorio de Sicak pantaila handira eraman zuen —filmak ere lortu zuen sari potolorik—. Eleberria 1997an agertu zen lehen aldiz euskaraz, Koldo Biguriren itzulpenean. Beste lan ugari ekarri ditu Bigurik italieratik eta, konparazio zehatzik egin gabe ere, ausartuko nintzateke esaten itzultzaileak egoki birsortu zuela euskaraz Bassaniren estilo zaila.

Idazle, erredaktore eta editore aritu zen batez ere Bassani. Edizioaren alorrean ezaguna da G. T. Lampedusaren Il Gattopardo argitaratzea lortzeagatik —estiloz Bassaniren gertukoa, eta hori ere Bigurik euskaratua—, eta idazle gisa, berriz, Ferrarako eleberrien zikloak kokatu zuen kanonean. Ziklo horretako lana da Finzi-Continitarren lorategia.

Ferraran gaude, bi mundu gerren arteko aroan. Narratzailea bera da protagonistetako bat, Giorgio, eta bere oroitzapenak dira irakurriko ditugunak.Lehen Mundu Gerraren garaian jaiotakoen belaunaldia da berea, gaztaroa faxismoaren garaian bizi eta Bigarren Mundu Gerrak brastakoan eten ziona. Gainera, protagonisten komunitatea judua da —judua zen Bassani bera ere—, eta horrek, esan gabe doa, are markatuagoa bihurtzen du egoera.

Lorategia eleberriaren epizentroa da nolabait —barruak eta kanpoak bat egiten duten tokia—, eta haren inguruan mugitzen dira Ferrarako familiak eta lagunak. Giorgiok ez ditu bere kontuak bakarrik gogoratzen; guztiz bestela, lekuko gisa, Finzi-Continitarren eta beste hamaika pertsonaren nondik norakoen berri ematen du, hari intimoak eta sozialak uztartuz. Batetik, tramaren gune zentral gisa, Giorgiok Micolekin daukan harreman afektiboa dago, pixkanaka endekatzen joango dena, modu tragikoan deuseztatu arte. Bestetik, hondo politiko-historikoa ikusten dugu, zuzenean nahiz zeharka dena blaituz. Politikari buruzko elkarrizketak ugariak dira, hala nola Malnate komunistarekin; literatura eta artea, berriz, mintzagaiak usu, gazteen arnasgune modukoak dira, baina ez diete iheserako balioko.

Ihesbiderik gabeko gizarte baten erretratua da nobela, izan ere, eta tonu orokorra melankolikoa da —hasi eta buka, presente dago heriotza—. Galera anitzen eleberria da: gaztaroa, demokrazia... eta protagonista nagusiak, munduaren gainbeheraz jabetuta, oroitzapenetan eta iraganean murgiltzen dira.

Bassaniren eleberriaren trama aberatsa eta konplexua bada, areago dira bere kontateknika eta estiloa. Beste gauzen artean, pertsonaien gogoetak eta elkarrizketak kontakizunean txertatzeko modua azpimarra daiteke. Zehar estiloa eta zehar estilo librea erabiliz narratzaileak ahotsa ematen die beste pertsonaiei, eta, ahozkotasun kutsua galdu gabe, dotorea da kontamoldea.

Trama mamitsuari, pertsonaia ongi karakterizatuei eta estilo landuari esker, eleberri bikaina da Finzi-Continitarren lorategia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.