Kritika. Gasteizko 37. Jazzaldia

Ekialdetik hegoalderako zubia

Ibrahim Maalouf, herenegun Mendizorrotzan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2013ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Ibrahim MaaloufBill Frisell Big Sur Sextet

Lekua. Mendizorrotza kiroldegia.

Eguna. Uztailak 17.

Principal antzokian iaz lortu zuen arrakastari esker, aurten Mendizorrotzako kiroldegiko agertokira igotzera gonbidatu dute Ibrahim Maalouf musikari libanoarra Gasteizko jazz jaialdiaren arduradunek. Erronka handi horri aurre egiteko, tronpeta jotzaile gaztea ondo babestuta etorri da. Kontrabaxuan Larry Grenadier ikusi genuen, urte askoan Brad Mehldauren hirukotean parte hartutakoa; eta saxofoian Mark Turner, diskografia luzea daukana eta musikari handiekin ibilitakoa (Konitz eta Redman, besteak beste). Beraz, berme guztiak zeuden kontzertu on bat entzuteko. Halaxe izan zen.

Hiztun agertu zen Maalouf oholtza gainean; 12 zenbakiarekin eta datak aipatuz jokoak egin zituen, entzuleen gozamenerako. Patuak dena aurrez erabakita utzia zuela iradokitzen zuen, zenbaki horretan oinarritutako bat etortzeak bata bestearen atzetik aipatuz. Garbi utzi zuena Miles Davisek berarengan izan zuen eragina da. Davis eta Rene Clair —La Proie du Vent filma egin zuen 1927an— omendu nahi zituen Wind egitasmoarekin, eta disko horretako abesti batzuk aletu zituen Gasteizen. Issues nabarmendu behar da, ondoan zeuzkan musikariekin lortutako sintoniagatik. La Javanaise, Serge Gainsbourgek Juliette Grecori egin zion kantuaren bertsio bat ere aipatu behar da, erakutsi zuen sentikortasunagatik. Oro har, soinu garbia eta melodiatsua atera zion tronpetari, baina une batzuetan free jazzera ere hurbildu ziren, baita musika klasikora ere. Aire arabiarrak eta lantu harrigarriak ere irten ziren berak maisuki ibili zuen tresna hartatik.

Asteazkeneko bigarren proposamena Bill Frisellen eskutik iritsi zitzaigun. Ezohiko lankideak ekarri zituen kontzertu horretarako, eta emaitza ez zen guztion gustukoa izan. Berak jotzen duen gitarra elektrikoa laguntzeko hari laukote bat gonbidatu zuen. Lehenago ere ikusia genuen biolina jazz talde batean (Nigel Kennedyrena, kasurako), baina bi biolin, biola eta txeloa elkarrekin taulara igotzea oso berritzailea iruditu zait. Talde honek Big Sur diskoa argitaratu berri du, eta horixe izan zen kontzertuaren mamia. The music of Glen Deven Ranch (diskoko lehena) izan zen kontzertuari hasiera eman ziona. Tema lasaiak eta errepikakorrak ziren nagusiki, jazzetik baino, folketik edo countrytik gehiago dutenak. The Big One izan zen monotonia horretatik desbideratu zen pieza bakanetakoa, rock estiloan. Laburregia, dena dela, giro barnerakoi horretatik ihes egiteko. Interpretatzeko orduan, diskoan agertzen ez diren disonantzia eta inprobisazio labur batzuk sartu zituzten, jazz jaialdi batean geundela jakiteak eskatzen duen moduan. Hala ere, ez zen nahikoa izan jendearen arreta bereganatzeko, eta asko eta asko alde eginak ziren saioa amaitu zenerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.