Itamar Borochoveta Atlantic Bridge
Lekua: Iradier Arena, Gasteiz. Eguna: Uztailaren 14a.Iazko urtea jazzaldirik gabe igaro ondoren, Gasteizko entzuleek Itamar Borochoven laukoteari harrera beroa egin zioten Iradier Arenan, herenegun gauean.
Jaffa hiriko (Palestina) tronpetistaren Blue Nights album berriko Motherlands konposizioarekin abiatu zuten emanaldia. Rob Clearfield pianista izan zen agertokiko isiltasuna eteten aurrena; Jay Sawyer (bateria) eta Sam Weber (baxua) izan ziren laukoteko beste bi kideak, Borochoven tronpetarekin eta ahotsarekin batera. Kontzertuko bigarren pieza Daasa! izenekoa izan zen. Euriaren soinuak, Borochoven tenor ahotsak, desertuko melodiak eta ekialde hurbileko kantuak nahastu ziren jazz musika garaikidearekin.
Dirge konposizioan nabaritu zen, halaber, ekialdeko estiloen eta mendebaldeko maisuen moldeen arteko zubia (Miles Davis, John Coltrane eta abar).
Albumari izenburua ematen dion pieza, Blue Nights, konfinamendu egunetan idatzi zuen musikariak, eta sentimendu handiko obra horrek Iparraldeko Afrikarantz eraman zituen Iradier Arenako entzuleak.
Ziurrenik, Kol Haolam Kulo -Take Me to The Bridge izeneko konposizioa izan zen emanaldiko parterik onena. Borochoven arabera, errabino baten esaeran oinarrituta dago: «Mundu osoa zubi estu bat bezalakoa da: funtsezkoa inoiz beldurrik ez izatea da».
Bukatzeko, Wanderer Song jo zuten; amaiera bero bat, zeinetan entzuleek txaloka parte hartu zuten.
Jazz klasiko afro-amerikarra
Profesional apartak dira Alberto Conderen taldekideak. Kontinente zaharraren eta berriaren arteko kolaborazio hori sei kidek osatzen dute: Walter White, tronpetarekin eta fliskornoarekin (maiz entzuten ez den instrumentua); Rosario Giuliani, saxo altuaz; Steve Brown, gitarraz; Miguel Cabana, bateriaz; Kin Garcia, kontrabaxuaz; eta Conde bera, bere pianoarekin. Energia handiz hartu zuen agertokia seikote honek.
34 Sur piezarekin ireki zuten emanaldia. Kin Garciaren obra da, Noia abestia bezala, eta taldearen 2009ko albumean agertzen da. Condek berak sortutako Paralelo 42 eta Marginados eman zituzten ondoren. Trebezia handiarekin transmititu zituzten jazz afro-amerikarraren eraginak.
Walter Whitek idatzitako Woll's Woltz eta Portus Apostoli piezek, halaber, kolorez bete zuten Gasteizko Jazzaldiko lehendabiziko gauaren amaiera, Steve Brownen Julian's Day eta Sweet Angel konposizioekin.
Atlantic Bridge taldearen perfekzioa ukaezina da, musikari benetan trebeak batzen ditu eta. Maila oso goian ezarri zuten Iradier Arenan.