HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Zerria'

Ekaitza bezain gorri

Idazlea: Patxi Zubizarreta. Ilustratzailea: Antton Olariaga. Argitaletxea: Erein.

2023ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Zaila egiten da erabakitzea nondik hasi liburu honetaz hitz egiten. Bere laburrean 88 orrialde ditu —aurkibidekoa eta guzti—, hiru ataletan partituta; irakurraldi bakarrean hasi eta bukatzeko modukoa, beraz. Baina hainbeste albo-kontu ditu, hainbeste zer pentsaturekin topatzen gara bidean, irakurraldia digestio luzeko betekada bihurtu zaidala.

Bereket deitzen da narratzailea, azalpenak ongi ulertu baditut Parisen hazitako emakume etiopiar umezurtza dena, glaziologia pasio eta ogibide dituena, eta zorizko hilotz topaketa batek bultzatuta, istorio honen muinean dagoen gertakari lazgarria kontatuko diguna.

Kontakizunaren egituraketa forma zentripeto batean dago eraikia. Hau da, kanpoko inguruetatik abiatzen da, Bereketek eta haren lagunak Tsanfleuron glaziarrean aurkitzen dituzten (des)izoztutako hiru hilotzekin, segitzen du polizia-ikerketaren antz handia duen teknika batekin egiaren bila, eta gero eta indar handiagoz erdiko muinera eramango gaitu, nahasmenduz, fikzioaren edo benetakotasunaren eremuan gabiltzan jakin gabe, amaierako hunkidura unera iritsi arte.

Liburua hiru ataletan banatuta eskaini izana egitura horri bidea emateko teknika dela pentsa daiteke. Lehen atalean kronika sasi-errealista dirudiena eskaintzen zaigu, zeinetan bi pertsonaren eta hartz baten gorpuak topatzen dituzten hainbat objekturekin, tartean Duvoisin Kapitainak euskaratutako ebanjelioa, 1859an Londresen inprimatua, eta mezu sekretu bat ezkutatzen duela dirudien azpimarrak dituena. Segidako ikerketetan izotzetan harrapatuta hil ziren bi heldu haiek ihesean zihoazela dirudi, euren semetxoa zerri batek hil ostean, Harane deitzen den Zuberoako herrixka batean, 1886 aldera.

Bigarren atalean ikerketak gertakarien garaiko prentsatik tiraka egiten du hurbilpena, kronika hanpatu batekin, zeinetan haur bat hiltzeagatik zerri bat epaitua eta zigortua nola izan zen deskribatzen den, eta ondoren Junes Casenave-Harigileri egindako elkarrizketa faltsu bat dator, kontaketa jada fikziora erabat eramanez, kronika gero eta gordinagoa bihurtzen duten datuekin. Bide batez, komeni da gogoraraztea tarteka animaliei eragindako krudelkerien pasarteak daudela, tonuaren gordintasuna ahaztu ez dezagun edo.

Hirugarren eta azken atala jada errukiaren, desolazioaren eta superlatiboen eremua da. Egiatik inoiz zerbait izan den galdetzen diogu enegarren aldiz gure buruari, gero eta tristeagoa den ibilbidea jarraitzen, bikotea jada La Troupe Francescan doala, Belphegor zeritzan hartz errukarria eurekin kateatuta, aita santuari justizia eskatzea buruan besterik ez dutela. Azken atal labur honetan aldarrikapen soziala da nagusi, liburu hau gizartearen bazterretan alderrai ibiltzen diren pertsonen omenez eskainiko balu bezala.

Liburuak artisau lanaren itxura hartu duela iruditu zait, agerikoa, pieza bakoitza besteetatik bereizteko modukoa, inperfektua bezain ederra, bakarra eta sailkaezina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.