Igor Estankona bizkaitarraren poema-liburu berria argitaratu du Susa argitaletxeak. Lana, editorialak berak aipatu moduan, idazlearen hamaika urteko isilunearen ondorioa da, eta haren ibilbidean ohikoa duen argitaletxean ezagutzera eman duen bosgarren liburua, orotara. Moskito izenburuak ez dio pista handirik emanen irakurleari, sinboloen eta naturaren agerpenaz ez baldin bada. Egiturari begira, lana bost ataletan dago banatua, eta, egileak aurretik idatzitako beste lan batzuetan egin bezala, atal bakoitza kontzeptu bati jarraikiz banatua izan da: Frontoiak; El naixement del català escrit; Minxoriak; Zelofana eta eztia; eta Luze, mehe ta bistosue.
Aurreko lanen haritik idatzia, estilo berezia ziurtatzen duen poeta baten liburua dugu Moskito; idazlearen obsesioak helduta ageri dira hemen. Hainbat irakurketa aukera iradokitzen duela dio atze-azalean idatzitako argitaletxearen testuak. Eta hala da; irudikapenerako joera erakusten dute egilearen zenbait poemak, eta, beraz, irakurleari interpretazio aktiborako bidea zabaltzen dio Estankonak.
Sinbolismo horren bidetik, literatur tradizio klasikoari egindako erreferentziak agertzen dira poemetan: zenbaitetan era zuzenean, E.H. piezan bezala; beste zenbaitetan zeharka, plagioari edo hainbat joerari egindako keinuen bidez.
Izadiari eta haren osagaiei egindako erreferentziak etengabeak dira lanean, baina era berean ageri dira gizarteari egindako keinu sozialak. Egunerokotasunaren hausnarrean oinarritutako poesia baita Estankonarena. Metaliteratura (ikus Antologia honetako... testua) eta intertestualitatea (beste ataletan zeharkakoak diren erreferentziak hemen zehaztu egiten dira) bereziki esanguratsuak dira, esaterako, bigarren atalean, zeina poesiaren manifestu baten moduko atal gisa uler baitaiteke. Idazlearen intentzio-aurkezpen modura ageri da hura, eta gertutasunerako idatzitako literatura baten alde egiten dela esan genezake: «Kultura eta gauerdiko ametsa maitasuna /eskegi dute haragia karteletan eta kontatu dute/ nobeletan gezurra, eta zuretzat dena da gasa bezala;/ ahaztu zaizu nola esan/ behar zaitut».
Formari dagokionez, aurreko lanen bideari jarraitzen dio hemen ere Estakonak. Molde eta errima anitzeko olerkiek osatzen dute lana: egileak berdin-berdin egin dezake soneto baten egitura imitatzen duen pieza elegiakoa nahiz poema narratiboa, edo egin ditzake bertso-librean idatzitako piezak. Olerki-moldeei dagokienez, badira ahozko literaturatik gertu dabiltzan ekoizpenak nahiz esamolde ezagunen moldaketak. Bestalde, halako aura epiko bat hartzen dute kontu garaikideek molde klasikoaren itzalean, hala nola langile-klaseak, nazioak, eta abar.
Gozatu ditut molde narratiboko poema bereziak, Antologia honetako... adibidez (Iratzeen esporak lanaren erreminiszentzia zuzenak dituena).
Literatura. 'Moskito'
Ehun orri hamaika urteren omenez
Idazlea: Igor Estankona. Argitaletxea: Susa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu