Kritika. 73. Musika Hamabostaldia

Ehorzketa isila

Arkaitz Mendoza.
2012ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Pascal Rophe. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: abuztuak 17.

Donostiako Musika Kontserbatorioak, urteetan jatortasun oparoan hazi diren musikari pila batu dituen ikastetxeak, Francisco Escudero izena du. Euskal Herriko musikagilerik iraultzaileenetakoa izan da Escudero, Paristik etorritako musikagile aditua. Maurice Ravelengandik Carmelo Bernaolarengana, musikak eztanda pila jaso zituen, aldaketa teknikoak konposatzaileen harmonia apurtuetan, eta esparru guztietan Escudero garaile irten zen.

Poema sinfoniko latza da Illeta, asko sufritu duen herri baten oihu eta garrasiak elkartzen diren horietarikoa, non abesbatza herri hatsaren bozeramaile den. Pascal Rophe zuzendari frantziarrak irakurketa erritmiko jakitun bat eskaini zuen, fantasia eta magiarik gabekoa, entzuleari zuzen bideratutakoa. Andra Mari abesbatza motz geratu zen abeslari kopuruan, hamabost bat gehiagoren falta sumatu nuen, indar handiko pasarteetan dotoreegi azalduz, energia sutsu bat igorri ordez. Hasierako Aita Gurea-n silaba bakoitzaren bateratasuna kili-kolo eta Kanposantu bidean ulerkor agertu arren, obrak eskaintzen dituen a cappella uneetan pianissimi xuxurlariak desegin zituzten, ozenegi adieraziz. EOSen interpretazioa duina izan zen, erritmo zailtasunetan urduri agertu arren, omenaldi bikaina eskaini zitzaion Escuderori.

Paul Dukasen Belagile-ikastuna famatuan fagotaren soloa gogo biziz entzun behar da; honako honetan notak jo zituen, biribilduta, nahiz eta soinuan opaku zuzendu. Rophek ez zuen interpretazio ikaragarri bat planteatu; egoki, txukun, «goazen hurrengo obrara» adieraziko balu bezala. Marta Zabaleta pianoan, Ravel partituran eta haize instrumentuak beren aukeraren zain. Tronpa bakarlaria estututa lehen agerraldiko nota izugarri zailetan eta ingeles adar jotzailea ametsez beteriko zeruratzea bigarrenean. Zabaleta txukun teklatuan, Adagio assai ataleko solo gozoa hatz atake sakonegiz landu arren, Ravel argi bat erakutsi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.