Kritika. Artea

Ehizaren legeak

Luis Candaudapen erakusketaren ikuspegi bat. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Txus Melendez
2012ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Luis Candaudap

Lekua: Bilboko Rekalde aretoa. Noiz arte: otsailaren 10era arte.

Bartzelonatik Bilbora 1998an itzuli zenetik orain arteko lanen hautaketa aurkeztu digu Luis Candaudap pintoreak. Bost lan zaharragoak dira: bata Kino Moskwa koadroa da, Varsovian 1990ean pintatua. Beste laurak super-8 filmak dira, 1988-90 bitartekoak. Filmak Bilbo inguruko industrialdearen eraispenaren eta garaiko testuinguruaren nahiz kaleko arte giro nahasiaren dokumentuak dira, baina baita Candaudapek omentzen zituen zinema erreferentziak ere, bizipen biografikoak zein hirietan eta paisaietan bilatzen zituen irudi berriak —irudi ehizan jada—. Kino Moskwa-k ere, sintetikoa nahiz pinturaren moduan isilagoa omen bada ere, filmek agertzen dutena agertzen du. Filmetan erabilitako zenbait baliabide eta motibo ere gaur egungo koadroetan erraz aurki ditzakegu.

Ehizaren legea pintorearen jarrera definitzeko metafora litzateke, ehizan erne dagoen pintorea; baina baita gu ere, irudiek ehizatuak. Eta izenekin jarraituz, olerkiak, historia erreferentziak, aipuak ala zeharo errepresentatiboak diren izenburuko lanak ditugu. Aldiz, izendatzen duten koadroarekin ei duten erlazioa ez da hain agerikoa izaten. Horregatik askotan enigmatikoak suerta daitezke. Dena den, enigmaz harago, koadroa ikusterakoan gogoan edukitzeko beste osagai bat gehiago lirateke.

Zer ikusiko dugu? Bada, abiapuntu argirik baino, aribidean sortutako lanak. Eta ez dira faltako bere lanean ezagunak diren kolorezko planoen elkarketak, intsektu hankak eratortzen diren pintura imintzioak, metamorfosiaren posibilitateak, ilusionismoa, ezabaketak, buruz behera ipinitako gauzak, indarrez betetako eszenografiak, tenebrismoa, zati irrigarriak, pasarte lirikoak, beste batzuk heroikoak, handia eta txikia, garai guztietako guduen oroigarriak, jostailuak, elementu biografikoak — hauek agerikoagoak nahiz sublimatuak izan—, leihotik begiratuta ikusitako miseria eta pintore barneliluratuaren asmakizunak, modeloen nahiz plastikozko figuratxoen errepresentazio osoak nahiz zatikatuak, koadro zein ilustrazioen kopiak baina dena bere neurrian.

Hona hemen lan batzuk taldeka azalduta:

• Bestelakoen marken —arrabolarenak hain zuzen ere— eta collagean oinarritutako gehiketen, alegiazko ebaketen eta pintura azala larrutzeen bitartez sortutako lanak.

• Batasuna, oharmen-argitasun zein hondo/figura erlazioa irmotan oinarritutako hierarkia erlazioak erakusten dituzten koadroak. Hauek planoen ebaketek eta gainjarketek halako ilusionismoa eta eszenografia igortzen dute, nahiz eta noiz edo noiz, figuraren zerbait ere agertu ere

• 2004tik aurrera, olio pinturekin borrokan, lokatz gisako ore grisa sarriago agertu zitzaion pintoreari. Santes Creus, Colliure eta Atemkristall koadroak ditugu adibide, besteak beste, eta hiruretan elementu naturalen erreferentziak agertzen dira .

• Urte hauetako Bautista con Cristo-n eta Ma jolie-n, dagoeneko 1994an pintatutako buru hezurraren motiboa itzuli zen, artistak Joan Bataiatzailearekin identifikatu zuena.

• Modeloarekin lantegian ala Bilboko Arte Eder Museoan Greco ala Goyaren koadroen aurrean hasiak. Esan bezala, Candaudapen lan egiteko sisteman modeloa ala kopia hauek, Pintura ekimenerako hasiera baino ez lirateke izango, eta koadro bakoitzaren aribidean, pintorearen bestelako marka, orbain, objektuen errepresentazio nahiz irudiekin elkarlanean jardungo dute.

• Azkenik, 2011n Txinan egindakoak, euren kromatismoan zerbait berria agertzen delako. Baina ezaugarriengatik Los embajadores (Gure lantegian eguzkirik ez) ala Cuando en un día de fiesta koadroekin erlaziona ditzakegu. Egitura orokorreko koadroak, hurbilduz geroztik, igarritako unitate solteek eta koadroaren gainazalean zeharreko begiaren mugimenduek halako berariazko denboraltasun eta segidak sorrarazten dituzte —nonbaiten txinatar marrazki luze eta bilduen antzekoak—.

• Adi beira arasako libretekin. Bere biografia hor dagoela esan du Candaudapek. Jakina, bizipen puskak pintura, marrazkia eta kolorearen bitartez zertuak, baina horrek ez du inolaz ere esan nahi ageriko narrazioak direnik. Eta hori beti Pinturaren auzia izan da, zentzua ala esanahia: zer da hor koadro nahiz marrazkietan lekutzen dena?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.