Artea. Kritika

Egurraren tolesdurak

Soiltasuna eta ikusgarritasuna uztartzen ditu Jesus Lizasok bere lanetan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Mikel Onandia Garate.
2013ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Artea

Jesus Lizaso

Lekua: Kultur Leioa.Noiz arte: apirilaren 7ra arte.

Egurraren eta burdinaren tolesdura eta txiribueltak, bere baitan eta harriaren inguruan. Jesus Lizaso eskultorearen (Barakaldo, 1961) Ortotropiak serieko lan multzo aberastu eta berritua ditugu, lehen aldiz, Euskal Herrian ikusgai, Florentziako VIII. Biurtekoan Eskulturako Urrezko domina eskuratu ostean.

Gaztetan metalgintzan eta zurgintzan formakuntza jaso eta lan egin ondoren, eskultura modernoarekiko interesa piztu zitzaion Lizasori, eta modu autodidaktan hasi zen. Hainbat urte zeramikarekin lan egin zuen, eta denborarekin industriaren munduarekin erlazionatutako serie ezberdinak gauzatu zituen —gero eta eskultoriko eta esperimentalagoak—, brontzea, egurra eta buztina landuz. Giza proportzioek kanon klasikoa alde batera uzten zuten garaiko lanetan esfortzua azpimarratzeko. Figurazioa landuz, baina abstrakzioarekiko abiapuntua baino ez ziren pieza haiek. Denborarekin halako erreferenteak desagertuko dira, eta lan modu biluzi eta abstraktuago bati bide ematen dio bizkaitarrak, orotariko formatuko piezak gauzatuz, horien artean hainbat eskultura publiko eta monumental.

Kasu honetan, bere azken lanak agertzeko aukeratutako Leioako kultur etxeko erakusketa espazioa txikia bezain egokia dugu. Alde batetik, kristalezko hormek argia barra-barra sartzen uzten dute pieza handienak dauden gunean; bestetik, formatu erdiko lanak barrualdean aurkitzen ditugu, espazio intimoagoan. Artistaren sortze prozesua ilustratzen duten maketak ere erakusgai daude; askotariko piezak dira, lokatz, egur eta metal zati txikiez egindakoak. Halako asko egiten ditu Lizasok, eta horiek landu eta manipulatuz azken pieza izango dena aukeratzen du, adierazi nahi duena lortu arte; horretarako, miniatura erreminta bat da, baliabide bat.

Florentzian saria eskuratu zuten eskulturetan egurra zen material nagusia; serie berean azken egin dituen piezetan egurra, metala eta harria uztartu ditu, hala nola intxaurrondoaren edo haritzaren zura, burdina, eta leundu eta mutxardatutako kareharria. Mostraren izenburua ez da motiborik gabekoa —askotan gertatzen den eran—, izan ere, seriearen izaera modu egokian agertzen du. Fisikan erabili ohi den terminoa dugu ortotropia, eta materialen plastikotasunari egiten dio erreferentzia; zehazkiago, indarra ezartzeko noranzkoaren arabera materialen jokaera elastikoa aldarazten duen nolakotasuna adierazten du. Zinez, Lizasoren piezek plastikotasun handia agertzen dute, hain justu, materialen beraien malgutasunaren eta haien gainean dugun pertzepzioaz ikertu eta hausnartu gura baitu eskultoreak. Eta zinez lortzen du halakorik.

Kontzeptuarekiko zuen lotura gainditu du Lizasok; formaren sinplikazioa, soiltasuna bilatzen du, baina, aldi berean, taxuera ikusgarriak, bihurriak gauzatzen ditu. Materialen lanketa eta manipulazioa da pieza hauen esentzia. Baina materialen lantze tradizionalarekin bat, lanketaren gainean ikusleok dugun hautapenaren gaineko gogoeta ere identifikatzen dugu lehen begiradan, diskurtso ilun eta misteriotsuen beharrik barik. Izan ere, efektu bisual jakinen bidez, dugun materialen jatorrizko izaeraren kontzientzia —teorikoa eta bisuala— kontuan hartuz —eta horrekin jolastuz— simulatutako plastizitatea egozten dio zurari edo harriari Lizasok. Piezek egileak deformatuak dirudite; hau da, harria eta zura, buztina balira bezala tolestu eta okertu, kiribildu, lotu, apurtu eta itsatsiak dira. Askok zeramikazkoak balira bezala tolestutako egurrezko piezak direla dirudite.

Materialen singulartasuna ezagututa maisutasunez tratatzen du Lizasok, eta hala bakoitzari buruz dugun kontsiderazio plastikoarekin hausten du, gure buruari halako forma eta tolesdurak nola diren posible galdetzen diogularik. Bolumen eta formen bihurridura eta ebakidura ezberdinen bidez burdinaren pisuak, presioak edo kolpe efektu batek egurrean eragindako deformazioak simulatzen ditu, elementuen arteko kontrasteak bilatu eta egurra/metala, leuna/latza, borobildua/zuzena, biguna/zuzena dikotomiek sorrarazitako sentsazioak adieraziz.

Eskultura lan abstraktuak dira, baina errealitateko hainbat forma iradokitzen dituzte, eta ez da falta euskal eskultura abangoardistan mitikoa bihurtu den kuboa, ohikoa Lizasoren produkzioan. Itxuraz ezinezkoak diren formako eskulan erradikaleko lanak ditugu, artisautzaren tradizioan kokatu baina berau gainditzen dutena, eskultura garaikidearen maila onenera ailegatuz.

Eskultore basauriarrak materiarekin hasitako esperimentazio eta elkarrizketa prozesuaren fruitu, ikusleari itaunak eta sentsazio bitxiak ahalbidetzen dizkion emaitza plastiko konplexu eta erakargarriko proposamen eskultorikoa gauzatu du, nazioarteko sariak eman zion aupada baliatuz, azken eskultura seriea garatu eta aberastu baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.